Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Perfumerias Avenidaren aurka legez jokatu behar du Gernikak Ferroli irabazteko

Azken sei neurketak galdu arren, bizkaitarrek Emakumeen Ligako zortzigarrenpostua oraindik garaipen bakarrera dute. Galiziarrak ez jaisteko borrokan daude.

«Perfumerias Avenidaren aurkako ildo beretik, intentsitate horrekin, jokatu behar dugu Ferrolen aurka ere», adierazi zuen atzo Mario Lopez Lointek Gernika Bizkaia taldeko entrenatzaileak, Baxi Ferrolen aurka gaur arratsaldean jokatu bezperako prentsa agerraldian.

Lointek Gernika Bizkaiak azken sei neurketak galdu ditu, baina asteon Perfumerias Avenida liderrari hortzak erakutsi zizkion. Azkenean 56-62 galdu zuen, baina intentsitate hori gaur arratsaldean Ferrolen berriz ere azaleratuko balu, aurrerapauso ederra emango luke bolada txar hori apurtzeko.

«Erasoan lasaiago eta alaiago jokatu behar dugu. Boladaka bakarrik ari gara ondo eta, oro har, presio larregi dugu gure gainean azkenaldiko porroten erruz», gaineratu zuen Mario Lopezek, bere jokalariak azken jardunaldietan eman dutena baino askoz ere gehiago emateko kapaz diren jakitun.

Galiziako lurretan 17.00etatik aurrera jokatuko dute bizkaitarrek gaur. Gauzak ondo, bolada txarra behin betiko amaitutzat jotzeko moduko aurkaria izango dute aurrean, 5-17 balantzearekin jaitsiera postuei ihes egin nahian baitabil Ferrol.

Jokalari onak ditu hala ere talde galiziarrak: Taylor Koenenek batez beste 13,8 puntu eta 7,1 errebote lortzen ditu eta Patricia Cabrera edo Gernikan bertan jokatzea zer den badakien Milica Ivanovic, besteak beste, kanpoko jaurtitzaile oso finak dira. Horrez gain, astean zehar Leganesi 77-50 irabazi diote eta arriskurik ez zaio faltako demari.

«Maila mantentzeko borrokan ari dira eta azken partidan egurra eman zioten Leganesi. Horrek indarra eta kemena emango die eta gutxienez kemen hori berdintzeko kapaz izan behar dugu», ohartarazi zuen Mario Lopezek.

Ez da ahaztu behar, bestalde, joaneko partiduan 72-50 nagusitu zirela bizkaitarrak Malosten, eta Emakumeen Ligako zortzigarren postua oraindik ere garaipen bakarrera dutela.

Lauko Finala, Belgradera

Euroligari dagokionez, berriz, aurtengo Lauko Finala azkenean ez da Berlinen jokatuko, Serbiako hiriburuan, Belgraden, baizik. Lekuaz gain, data ere moldatu du Euroligak: maiatzaren 19an eta 21ean jokatuko dira neurketa guztiak.

Covid-19aren aurkako neurri oso zorrotzak ezartzen ari da oraingoz Alemaniako Gobernua eta, hargatik, Jordi Bertomeuk zuzentzen duen erakundeak lekuz aldatu du Lauko Finala, uneotan Berlinen harmailetan zalerik izango ote den ziurtatzerik ez baitago. Ondorioz, Belgradeko Stark Arena kantxa modernoan –15.000 zale sartzen dira– jokatuko da Euroligako aurtengo Lauko Finala.