GARA Euskal Herriko egunkaria
ERRUSIA

Inbasioaren itzalpean, alpinismo sariak banatu dituzte

Otsailaren 28an, Moskun, Errusiako Mendizale Federazioak ekitaldi nagusia izan zuen. Kosmos bidean eginiko jarduerarengatik,Alexander Gukov eta Viktor Kovalek Urrezko Pioleta jaso zuten. Azken alpinista honek Ukrainaren inbasioa salatu du.


Ukrainaren inbasioa hasi eta hiru egunera, otsailaren 26an, Moskun, Errusiako Mendizale Federazioak urteko gala egin zuen. Mendizaletasunaren festa horretan hainbat sari banatu ziren. Horien artean, bi dira arreta osoa bereganatzen dutenak: Urrezko Pioleta eta Altzairuzko Aingerua. Biek ala biek eskalada eta alpinismo-jarduera onenak aitortzen dituzte.

Ekitaldi “berezia” izan zen; izan ere, ukrainarren kontrako eraso militarren itzala asko nabaritu zen. Alabaina, gala horretan ez zen Putinek hartutako erabakiaren aurkako salaketarik izan.

Urrezko Pioletari dagokionez, denera bost hautagai zeuden. Eta sari ospetsu hori jaso zutenak Alexander Gukov eta Viktor Koval izan ziren Kosmos mendiaren lehen igoera egiteagatik eta zailtasun handiko (6B errusiar eskalan) bide bat sortzeagatik. Eskalada horren berri joan den urtarrilaren 2an eman genuen orrialdeotan.

Bigarren sari nagusiak, Altzairuzko Aingerua izenekoak, hiru eskalatzaile izan zituen protagonista: Nadezhda Oleneva, Marina Popova eta Maria Dyupina. Hirukote hori Urrezko Pioleta lortzeko hautagaien artean ere bazegoen, baina, azkenean, aipatu dugun aitortza jaso zuen Karavshin mendilerroan dagoen 4.818 izeneko mendia lehen aldiz igotzeagatik. Jarduera horren berri iazko irailaren 26an eman genuen orrialdeotan.

Gogoratu behar dugu, sari honetan emakumezkoek protagonismo osoa izaten dutela. 1974. urtean, Lenin mendian neska talde batek izan zuen ezbeharraren ondorioz, emakumezkoei debeku bat ezarri zieten: elkarrekin ez eskalatzea. Baina eginiko borrokari esker, debeku hori kentzea lortu zen. 2009. urtean, berriz, Altzairuzko Aingerua saria banatzen hasi ziren, eta, aipatu dugun bezala, foku guztiak nesken jardueretara bideratuta daude.

Horiek dira, beraz, Errusiako Mendizale Federazioak antolatutako ekitaldiak izan zituen protagonista nagusiak. Ez zen aldarrikapenik edo salaketarik izan, baina aste honetan mendizaletasunarekin lotutako hainbat eragile hasi dira Ukrainaren inbasioa salatzen. Alpinistak, eskalatzaileak, kazetari espezializatuak... gogor kritikatzen ari dira Putinek agindutako inbasioa.

Gutuna

Anna Piunova kazetariak, adibidez, urrats bat egin eta gutuna argitaratu berri du eraso militarrak eten ditzatela eskatzeko. Mendizale eta kazetari errusiar guztiei zuzenduta dago, eta Nobel saridun Dmitry Muratovek idatzi du. Lerro horien artean hau irakur daiteke: «Errusiako eskalatzaileok ez ditugu onartzen Ukrainan hasi diren eraso militarrak. Krimena da errusiar Armadak herrialde horri erasotzea. Errusiaren historiarentzat orbana da. Ukrainarrak gure lagunak dira, eta haiekin mendian esperientzia handiak partekatu ditugu. Giza galerak ezin ditugu onartu, eta, bide batez, bi herrialdeon artean bultzatzen ari diren gorrotoa. Horregatik guztiagatik, eraso militarrak bertan behera uzteko eskatzen dugu».

Gutun horrek azpimarratzekoak diren atxikimendu asko jaso ditu. Urrezko Pioleta jaso berri duen Gukovek, adibidez, bat egin du salaketa horiekin. Sona handiko alpinista errusiar batzuk ere ez dira atzean geratu: Dmitri Golovchenko, Evgeny Glazunov, Anastasia Runova, Vadim Timonov...

Elena Laletina kazetariak adierazi du mendizaleen kolektiboa oso zatituta dagoela: «Putinek hartutako erabakiaren alde daude asko, baina aurka ere badira. Horien artean, batzuek inbasioa salatu dute, baina Putinen politikarekin lerrokatzen dira».

Azkenik, aipatu behar dugu IFSCk zein UIAAk Errusian egitekoak ziren kirol eskaladako eta izotz eskaladako probak bertan behera utzi dituztela.