GARA Euskal Herriko egunkaria
PATAGONIA

«Lecco-ko armiarmak» taldeak Cerro Torreko xedea itxi du

Matteo Zaiacomo, David Bacci eta Matteo della Brodella italiarrek Patagoniako erpinaren ekialdeko horman «Brothers in arms» bidea sortu dute. 1.200 metro luze da, eta zailtasun tekniko gogorrak ditu: 7a, A2 eta 90º. Lanak biribiltzeko, hiru egun behar izan zituzten.


«Patagoniako denboraldia amaitu berri da, eta gure historian leku berezia izango duten hainbat jarduera egin dira. Une zirraragarriak izan dira, baina ezin ditugu ahantzi izan diren istripuak. Cerro Torreko ekialdeko horman, adibidez, hiru taldekidek goi mailako bide bat zabaldu dute. Eta haien ondoan, iparraldeko murruan, Thomas Agilok eta Korra Pescek sortu zutenari ere azpimarra berezia egin behar zaio. Gainera, jarduera horretan Pesce betirako joan zitzaigun. Matteo Zaiacomo, David Bacci eta Matteo della Bordellak Cerro Torren sinatutakoak ziklo bat itxi du; hots, gure historiako pasarte ederrenetariko bat egin dute. Xede hau Matteo Bernasconi eta Matteo Pasquettorekin hasi zuen della Bordellak; hots, zendu ziren lehen lerroko bi adiskiderekin».

Lerro horiekin “Lecco-ko armiarmak” taldeak goraipatu nahi izan du hiruko horrek urtarrilaren 25etik 27ra Cerro Torreko ekialdeko hormatzarrean eginiko jarduera bikaina. “Brothers in arms” deitu diote ireki duten bideari (7a, A2, 90°, 1.200 m), eta, izenburu horrekin, zendutako Bernasconi, Pasquetto eta Pesce gogoan izan dituzte.

Duela urte batzuk hasitako proiektu hori biribiltzeko, azken ekinaldian hiru egun behar izan zituzten, eta, neurri handi batean, duela 32 urte Philip Burke eta Tom Proctor britainiarrek hasitako proiektuari segida eman diote. Britainiarrek murru zail horretan dagoen diedro handi eta estetiko bat eskalatu zuten. Baina, ondoren, iparraldeko horman sartu eta mendebaldeko ertzera lotzeko 40 metro falta izan zitzaizkien. Italiarrak, berriz, gai izan dira proiektu erakargarri hori bukatzeko.

Horiek dira “Lecco-ko armiarmak” taldeko hiru kide horiek egin berri duten jardueraren lerroburu nagusiak. Jarraian, protagonistetako batek, della Bordellak, azalpen gehiago emango dizkigu Cerro Torren bizitako esperientziaren inguruan.

«Brothers in arms»

«Emozio guztiak alde batera utzita, derrigortuta gaude gure eskaladaren eite teknikoak aipatzera. Urtarrilaren 24an, ‘norvegiarren kanpalekura’ heldu ginen. Klima hotza eta haizetsua zen; horrek guztiak ez zekarren berri onik. Paretari begiratu eta azken urteotan egin ditudan ekinaldiak neure buruan iltzatu ziren. Ekaitz gogor batek Cerro Torreko ekialdeko plakak elurrez estali zituen. Gaua heldu zenean, haizeteak indartu ziren, eta murruan sartzeko itxaropenak desagertzen hasi ziren. Zorionez, biharamunean, eguraldia erabat baretu zen. Ez genekien hormaren baldintzak egokiak izango ote ziren. Bidearen oinarrira iritsi ginenean, eguraldia perfektua zen: haizearen indarra baretua zegoen eta tenperatura ez zen hain hotza.

Goizeko 11.30ean hasi ginen eskalatzen. Lehen luzeak Egger Dorreko ‘amerikarren bidekoak’ dira. Eta hainbat plaka gainditu ondoren, ‘El arca de los vientos’-ekin bat egin genuen. Denera, 500 metro igo genituen. Pasquettorekin egin nituen bi ekinaldiek asko lagundu zidaten, eta luze guztietan erritmo oso azkarra eraman nuen. Bitartean, nire kideek lan eskerga egin behar izan zuten tresneria kentzeko eta petateak igotzeko. Zama handia generaman, eta 19.30ean heldu ginen gure lehen bibakera.

Bigarren eskalada eguna berezia izan zen. Matteo kidearen urtebetzea zen, eta hurrengo sekzioetan sokaburu joatea ‘oparitu’ genion. Hots, ekialdeko murruko lehen luzeak berak eskalatu zituen. Bibakaren gainean zegoen lehen luzea eta eroria zuen bestea artifizialean eskalatu zituen. Matteok ‘ingelesen diedroa’ izena hartu duen tartera eraman gintuen. Lehen bi luzeak gogorrak dira oso; asko nekatzen dute eta fisikoak dira. 2019. urtean, Matteo Pasquetorekin eginiko ekinaldian beste luze bat eskalatu eta erretiratu egin ginen.

Puntu zehatz horretan nire txanda izan zen. Diedroaren ezaugarriak ikusita, Camalot handiek (7 eta 8 zenbakiak) berebiziko garrantzia izan zuten; haiek gabe ezinezkoa da metro horiek igotzea. Tresneria hori lagundu, bai, baina den-dena eman behar izan nuen sekzio hori era askean eta artifizialean igotzeko. Luze horiek ez dute arnasa hartzeko betarik ematen; aurrera jarraitzea besterik ez zitzaidan geratu. Diedroaren amaierara leher eginda iritsi nintzen. Ezusteko handia hartu nuen, bibaka antolatzeko erlaitz egokirik ez zegoelako. Zintzilik geunden, eta gure oinen azpian zegoen amildegia ez zen batere atsegina. Han eserita nengoela, britainiarrek 1980ko hamarraldian han bertan sinatu zuten lana burura etorri zitzaidan. Txalotzeko eskalada egin zuten.

Hirugarren eskalada egunean, Matteo sokaburu jarri zen. Maisutasun handiz, diedro handitik irten eta era artifizialean luze bat igo zuen. Kokaleku ikaragarri batean zegoen: ekialdeko eta iparraldeko hormak banatzen zituen puntu batean. Paretaren bertikaltasuna arindu zen, eta, hainbat egun arnesetatik zintzilikatuta egon ondoren, oinek atseden hartzeko tokiak aurkitu genituen.

Iparraldeko horman sartu eta ohartu ginen zailtasunak ez zirela samurtzen. Zaila zen, eta, gainera, izotza eta elurra hormara itsasita zeuden. Bat-batean, hitzordurik egin gabe, Tomy eta Korrarekin bat egin genuen. Sokada hori iparraldeko murrutik eskalatzen ari zen, eta puntu horretatik aurrera jarraitu genien.

Eguerdia heldu zenean, zalantza batzuk piztu ziren. Eguraldi ezin hobea genuen, baina bero egiten hasi zen. Eta den-denok jabetu ginen tarte oso arriskutsuan geundela. Labirinto izoztu batean sartu ginen. Ez zen zaila, baina kontu handiz eskalatu beharra zegoen.

Gailurra baino lehen dagoen elurrezko perretxikoa ikusi eta jabetu ginen tontorra erdiesteko 150 metro soilik falta zirela. Korrak beste luze zirraragarri bat eskalatu zuen. Soka finkatu zuen, eta aukera hori aprobetxatu genuen. Ez nintzen damutu, baina zintzoa izan behar dut: soka horretatik igo nintzen. Beste bi luze, ‘Ragni’ bidearekin bat egin eta arratsaldeko seietan tontorra zapaldu genuen.

Korrak aipatu zigun iparraldeko isuritik jaisteko asmoa zutela. Guk, berriz, ‘Compresor’ marra aukeratu genuen. Urtarrilaren 28an, lasaitasun osoarekin (eta ez nahasteko) rappelatzen hasi ginen. Denera, 30 rappel egin genituen, eta arratsaldeko bostetan Cerro Torreko glaziarraren oinarrira iritsi ginen.

Hemendik aurrera bigarren abentura hasten da, lehendabizikoa baino askoz ere zorrotzagoa eta garrantzitsuagoa. Baina horretarako beste hitzordu eta leku bat behar dut.

Zabaldu dugun bide honi buruz azken azalpen bat eman nahi dut. Ekialdeko hormaren sekzio guztiak igota zeuden. Alegia, guk ez dugu metro berririk zabaldu. Hala eta guztiz ere, eskalada honek duen eiterik inportanteena da estilo arinean igo genuela. Bide osoan zehar tresneria finkoa ikusi eta erabili genuen. Gure aldetik ez dugu bat bera ere gehitu. ‘Brothers in arms’ bideak horrela eskatzen zigun».