Arnaitz GORRITI
PILOTA - BINAKAKO TXAPELKETA

Irribarriak eta Rezustak bi aldiz irabazi dute Labriten

Laso eta Imaz 14-5 galtzen egotetik 21-20ra hurbildu dira, baina Rezustak txokoan moztuta erabaki du.

IRRIBARRI.-REZUSTA 22

LASO-IMAZ 20


Neurketa bat behin irabaztea zaila ez balitz bezala, birritan irabazi behar izan zuten atzo Irribarria eta Rezustak Laso eta Imazen aurka Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxkari zegokion aurreneko jardunaldian. Aramako aurrelariak sekulako aurreneko zatia egin zuen; begietara begiratu zion Unai Lasori eta ezker boleaz eta beste mila modutan partida bikote gorriaren alde irauli zuen, 14-5 jartzeraino. Artean, alferrik izan ziren Lasok horma-biko moduan atera zituen sakeak ere, partidak ez baitzuen ia kolorerik ere izan, gorriena ez bazen.

Baina 14-6ko harekin aldatu zen neurketa. Irribarriak beste behin aurrean dantzarazi zituen Laso eta Imaz, eta Rezustari tantoa atzean biribiltzeko aukera eman zion. Alabaina, Bergarako ezkerrak horma-biko eskas samarra jo zuen eta nork eta Ander Imazek zabalean airez amaitu zuen 14-6ko tantoa.

Horren ostean, askoz pilota lakarragoa atera zuten urdinek, eta partida goitik behera aldatu zen. Rezustak kontzentrazioa- edo galdu zuen eta askoz gutxiago gozatu zuen urdinen pilota xelebre hori, eta orduan, bai, Irribarriak bota zion erronkari heldu zion Unai Lasok. Tantoak Baikoko bikotearen alde hasi ziren erortzen bata bestearen atzetik eta apustuzale bat baino gehiago ere bihotzekoak emateko zorian ibiliko zen.

Gorrien patxada

Aurkariak atzetik aurrera zetozela ikusi arren, oso berandu eskatu zuten atsedena Irribarria eta Rezustak. «Beteta geundela baino gehiago, elkarri lasai egoteko esan diogu atsedenaldi horretan. Gure aukeraren zain egon behar genuela», adierazi zuen partidaren ostean Iker Irribarriak berak.

Urdinak tanto bakarrena birritan hurbildu ziren: 16-15 lehenik eta 21-20 ondoren. Bietan ala bietan, ezin izan zuten markagailua berdindu. Zabaletaren baimenarekin, inork baino gehiago jotzen duten arren, Irribarriak eta Rezustak sufritzen ere badakitela erakutsi zuten atzo, Labrit, ulertzekoa denez, Unai Laso seme kuttun hartuta urdinen alde jarri baitzen.

Aramako aurrelariak hartu zuen partidaren lema eta ezkerti biak ia irabazteko puntuan jarri zituen: 20-15 lehenbizi eta 21-17 gero. Partidako une horietan, aurreneko zatiko erremate oparotsua beste baterako laga zuen Aramakoak, eta bere kolpeaz eta ezker boleaz baliatu zen, batik bat, berriz ere gorrien alde zuloa irekitzen joateko.

Hala ere, Unai Lasok sekula ere ez du bururik makurtzen, ezta Ander Imazek ere, eta 21-20raino ekarri zuten partida, harmailetan pilatu zen jendearen zoramenerako.

Azken tanto hori ere menpean izan zuten urdinek hasiera batean, baina Unai Lasori oinetara joan zitzaion pilota baten ostean dena aldatzen joan zen, urdinen zoritxarrerako. Irribarriak aurrean beldurrik gabe jokatu zuen eta erresto ahul bat ematera behartu zituen aurkari biak eta, 14-5 zirenean bezala, Rezustari ahoko zuloan utzi zion pilota, Reyes Azkoitia handiaren ikasleak kolpe bakarrarekin Bergararaino bota zezan.

Ez, ordea. Akaso 14-5ekoan bi-hormakoa txarto bota zuelako bere buruarekin haserre eta tematuta; gero ere aurrean jokatzeko saiakera batzuk egin zituen atzoko partidan Rezustak, eta baita 21-20koan ere. Imaz tximista bezala erreboterantz abiatu zen, baina Bergarako ezkerrak txokoan luze moztu zuen. Lasok ere egundoko hanka-jokoa erakutsi zuen pilotara sasoian iristeko, baina gorputzera etorri zitzaion Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariari, eta ezin izan zuen azkenean pilota txapa gainean jarri.

A zer lasaitua eta poza hartu zuen Beñat Rezustak une horretan! Ez da atzelari ezkertia keinu asko egin zalea, baina atzo, bai, nabarmendu zitzaion poza eta nolabaiteko euforia, aurrelariarekin besarkatu baino lehen. Ez zen harritzekoa izan erreakzio hori; izan ere, birritan irabazi behar izan baitzuten partida bera finalerdietako aurreneko puntua lortzeko.