Oihane LARRETXEA
DONOSTIA
Entrevista
IZARO
MUSIKARIA

«Zaintzaren iraultza egin nahi dugu; beste leku batetik lideratu behar da»

«Limones en invierno» (2020) aurreko lanari pandemiak hegalak moztuta, indarberrituta «Limones de oro» diskoarekin itzuliko da Izaro. Biran ate nagusitik sartuta hasiko da, maiatzaren 7an Donostiako Belodromoa betez. Sarrerak ia agortuta daude.

Asteazken arrunt bat da eta Donostiako Belodromoan ohiko jarduna dago. Entrenamenduak eta bizikletak bueltaka. Kontzertu jendetsuetan izaten duen itxuratik oso urrun dago. Egun-argiak espazioaren handitasuna biluzik uzten du, eta zinez handia dela konturatzen gara orduan, asteazken arrunt honetan. Datorren maiatzaren 7an Izarok bete egingo du, “Limones de oro” lan berriaren bira hortxe abiatuko baitu. «Kontzertu berezia» izango dela iragarri du. Arrazoi askorengatik. Belodromoa betetzen duen lehenengo emakume bakarlaria izango da.

Izaroren eskutik, horrek uzten dituen hausnarketen haritik tira egingo dugu, apirilaren 29an kaleratuko duen diskora heldu arte. Kristalezko teilatuak, feminismoa, eta inspirazio iturri zaizkion emakume musikariak.

Emakume bakarlari euskaldunik lehenago ez da egon espazio hau betetzen. Nola sentitzen zara datu horren aurrean?

Arraroa da. Bada, datu gazi-gozoa; ez dakizu albiste ona edo txarra den. Eta arraroa da ere zu izatea gertakizuna hezurmamituko duen pertsona hori. Bazen ordua, lehen-lehenik, 2022. urtean gaude! Gustura beteko dugu paper hori, baina beteta balego ere, ona litzateke. Egia da gauza pila batek eragiten duela hori ez gertatu izana, baina behintzat ni geldituko naiz tapa hori zabalduta gelditu denaren ideiarekin, eta, behin zabalduta, errepikatuko delakoan behin eta berriro.

Uste duzu «lehen aldi» asko dagoela oraindik egiteko?

Bai, pila bat, batzuetan konturatu ere egiten ez garenak. Zeozer egiten duzula modu natural batean norbaitek esaten dizun arte lehenengoa zarela. Eta diozu: “e, zelan?”. Eta horrek harrituko gaitu oraindik luzaroan, zenbat “lehen aldi” dauden, oraindik ikusezinak direnak.

Kursaala ere bete duzu sei aldiz… jarraian. Kristalezko teilatuak apurtzera etorri zara, mugarri bat jartzera?

Ez dut inoiz horrela bisualizatu, baina orain ikusten dut kristalezko teilatu bat apurtzeko, teilatuaren altueran egon behar zarela. Hala ere, teilatuaren altuerara heltzeko nik beti bisualizatzen dut triangelu hori: azpian zenbat pertsona dauden, beti anonimoak izango direnak eta derrepentean ni nago hor, kristalezko teilatua ukitzen. Agian nik apurtuko dut, baina apurtuko dugu piramide guztiak, publiko guztiak baita ere. Hau badelako auzi komunitario bat. Kristalezko teilatuak baino ikusten ditut kutxak, lau horma.

Musikaren industria gizonek zuzendua izan da. Zer gertatzen da lidergoa emakume batek duenean?

Gauzak pila bat aldatzen dira, arlo askotan. Asko nabari da ere gaur egun beste maskulinitate batzuk daudela gauzak antolatzen, eta horrelako maskulinitateak topatzen dituzunean, asko nabari da aldaketa. Gertatu zitzaigun udaran biran Mallorcara joan ginela, eta emakumeek antolatua zen kontzertua. Alde handia egon zen antolakuntzan, giroan. Afalostean, etxerako bidean, lankide mutil batek esan zidan: ‘Ze gustura gaur, ezta?’. ‘Ez da kasualitatea. Ez da’, esan nion. Da giro bat, non denok sentitu ginen oso eroso. Eta Izarotik ere egiten dugu lan horretan; gu zaintzaren iraultza egiten saiatzen gara, xamurtasunaren iraultza. Hortik dator aldaketa. Lidergoa hartu behar da baina, gainera, beste leku batetik lideratu behar da.

Maradonaren heriotzaren biharamunean Gaztea Sarietan irmo agertu zinen. Izaro pertsonak dituen iritziak ez dituzu Izaro musikariarengandik banandu.

Ez eta, gainera, ez dut zertan. Egia da nire proiektuko lidergoa izanda nire hitzak pribilegio batetik doazela eta niretzat errazagoa dela horrelako jarrera bat etetea. Zailagoa da beste neska batek eten ahal izatea hori; horregatik sortu behar ditugu sareak. Nola erabili pribilegioak alde onera joateko? Izan ahal badut bolumen bat, eta nire hitzak balioko badu esan ezin duen horri fabore bat egiteko, esan egingo dut. Eta nik esan ezin dudan momentu batean, beste batek esango du nire partez.

Egun hartan esan zenuen Twitterren dezepzio asko jaso dituzula. Gertukoengandik?

Ez nire hurbileko jendearengandik gehiegi, baina egia da denok garela super ausartak eta ez-toleranteak matxismo edo arrazakeriarekiko, gure lagun bat den arte. Norbait hori gure laguna, bikotekidea, anaia, aita bada… hor seinalatzea zailagoa da. Niretzat hor dago benetako lana. Maite duzuna seinalatzean, zeren ez doaz banatuta, eta hori da guretzat handicap handiena.

Musika izan daiteke tresna? Aktibista politikoa?

Bai, bai, guztiz. Niretzat emozioetara zuzentzen delako eta pizten dituelako emozio asko, eta garunean pizten dituelako espazio asko agian itzalita daudenak, eta horiek irekita aukera gehiago daudelako bertako aldaketak sortzeko.

Ezagutarazteko zeure burua maskulinizatu zenuela zure ingurua feminizatu beharrean irakurri dizut.

Egia da nik ikasi nuela lidergoan egoteko maskulinoago izaten ni nintzena baino; lidergoa horrelakoa zen. Nik lider bat izan nahi banu, hartu beharko nituzke ezaugarri horiek. Gerora nire lana hau izan da: ez, hartu lidergoa, baina eraiki beste leku batetik, eta ingurua feminizatu, eta ingurua ere eraldatu. Hori da orain egiten ari garen lanketa bat eta batzuetan kosta egiten zaidana, zeren inertziaz gauza batzuk oraindik egiten dira, esaten dira. Lanketa konstante bat da, nola nahi dudan eraiki, nola nahi dudan jendearekin harremandu, bai Izaro barruan bai kanpoan. Eta uste du ari garela lortzen zerbait oso ederra, oso aberatsa barrutik.

Lan berrian kolaborazio asko dituzu, oso emakume karismatikoak. Cris Lizarraga (Belako), Zahara, Amaral, Rozalen…

Diskorako banituen mikroklima txikiak pentsatuta. “Libre” atera genuenean lehenengo aldiz Crisekin ateratzea zen nire asmoa, baina une haietan Belako nazioarteko biran zegoen eta ez zen posible izan. Elkar ezagutu genuenetik erreferentzia polit bat izan da niretzat bai musikan, bai feminismoan. Bere aktibismoa oso indartsua da, eta bada interesgarria, gauza asko ikusten ditut berari esker.

Zahara ere oso garrantzitsua da niretzat, eta inoiz ez nuen uste ezagutuko nuenik. Nire ustez, neska ausarta da, baina gehien baloratzen dudana da, eta hori ikasi dut berarengandik, begiratzen duen lekuan ikusi egiten duela, jende askok begiratu bakarrik egiten duenean. Musika hortik eraikitzen dut, jendea eta gauzak ikustetik. Zahara lanketa profesional zein pertsonal handi batetik dator, eta benetan egon da nirea baino musika industria askoz txarrago batean. Eta, bai, Rozalen, Amaral… halakoei esker nik askoz errazago daukat orain.

«Limones de oro» diskoari esker Dayme Arocena kubatarra deskubrituko dute askok.

“La rumba me llamo yo” kantuarekin ezagutu nuen Dayme, aspaldi. Eta idatzi nion, pentsatuz ez zidala erantzungo. “La felicidad” kantuari buelta bat eman nahi nion, zeren batzuetan aprezio handia diot, eta beste batzuetan, ez. Ez nago erabat eroso, badu zeozer. Eta Izaroren abestirik entzunena da (barreak). Runba kubatar batekin konponketa egin eta orain beste abesti bat dirudi, izugarria da. Adiskidetu naiz kantuarekin; banekien zeintzuk ziren bere aukerak, zer izan zitekeen, eta ez

nintzen guztiz gai izan iristeko.

«Limones de oro» lanak 16 abesti ditu. Bertsioak, bi kantu berri eta egokitzapen bat. Zergatik existitzen ziren abestiak berriro plazaratu?

Ibilbidea beti da nahiko gatazkatsua. Adibidez, denboraldi batean “Om” diskoa ezin nuen entzun ere egin, ahotsa oso diferente igertzen nuelako! Gerora bai, sentitu naiz esker onez hori egitera ausartu zen Izarorekin, zeren gaur egun ez nintzateke ausartuko. Egin dudan guztia ez nuke egingo. Izan da niretzat esker on bat nire Izaro guztiei, zeren horiei denei esker gaur Belodromoan gaude. Nahi nituen kantu horiek hartu, grabatu miresten dudan jendearekin, eta egin limoiondo bat urrezko limoiekin.

Publikoa zain duzu…

Lehen askoz gehiago kezkatzen ninduen kontzertua nola joango zen, ahotsa ondo izatea… Baina jo ezin zenean, bat-batean lehentasunak aldatu ziren, eta nahiago nuen jo ahotsa gaizki izanda ere. Alde horretatik, lasaitu egin naiz, eta bereziki emakumeoi dagokigunarekiko, perfektu izate horrekiko, are gehiago publikoa badago aurrean. Lasaitu egin naiz, eta nire kontzeptua gehiago da joan eta partekatu. Jendeak hori jaso nahi du, eta hori eman nahi duzu.