GARA Euskal Herriko egunkaria
TXIRRINDULARITZA

Van Aert eta Jumbo izan dira garaile erlojupekoan

Roglic bigarren izan da eta Dennis, hirugarren, nederlandarren erakustaldian.


Jumbo Visma taldeak beste erakustaldi bat eman zuen Paris-Nizako laugarren etapan, Domeraten hasi eta Montluçonen amaitu den 13,4 kilometroko erlojupeko gorabeheratsuan. Lehen etapan egin bezalaxe, etapako lehen hiru postuak beraientzat izan ziren eta sailkapen nagusian lehen hiru postuen jabe izaten jarraitzen dute.

Atzo, garaipena Wout Van Aert flandriarrarentzat izan zen, 16 minutu eta 20 segundoko denborarekin. Primoz Roglic esloveniarra izan zen bigarren, bi segundora, eta aurten fitxatu duten Rohan Dennisek hirugarren amaitu zuen, seira. Jumbokoen atzetik, Stefan Kung suitzarra (Groupama) laugarren izan zen, 10 segundora, eta Simon Yates ingelesa (BikeExchange), bosgarren, 11ra.

Sailkapen nagusiari dagokionez, Van Aert lehen postura igo da Christophe Laporte taldekidearen kaltetan, baina ez pentsa Jumboko frantziarra oso atzera gelditu denik, hirugarren jarraitzen baitu, 28 segundora. Bigarren postua Roglicentzat da, orain 10 segundora. Atzetik, Simon Yates laugarren kokatu da, 49 segundora, eta Pierre Latour frantziarra (TotalEnergies), bosgarren, 51ra.

«Aste perfektua izaten ari da orain artean. Ikusten da lasterketa hau oso ongi prestatu dugula eta hortxe gaude. Elkarri lagundu eta motibatzen saiatzen gara eta, zorionez, beste podium eder bat lortu dugu», goraipatu du Van Aertek helmugan.

Kaltetuen atalean, lasterketa irabazteko faborito nagusien artean zegoen Nairo Quintana (Arkea) aipatu behar da bereziki: 1:17 galdu du gaur eta 1:55era dago jada sailkapen nagusian. Gainera, Maximilian Schachmann alemaniarrak (Bora) eta Ben O'Connor australiarrak (Ag2r) lasterketa utzi zuten osasun arazoen ondorioz.

Gaur izango du lasterketak mendiko lehen etapa serioa. Guztira 189 kilometro izango dira Saint-Just-Saint-Rambert eta Saint-Sauveur-de-Montagut artean, sei mendate puntuagarrirekin: Croix de Chambouret (9,6 km %6,6ra), Saint Jeure D'Day (2,3 km %5,2ra), Saint Romain de Lerps (6,6 km %7,4ra), Toulaud (1,7 km %8,7ra), Col de la Mure (7,7 km %8,1ra) eta Saint Vicent de Durfort (4,8 km %5,4ra), helmugatik 12 kilometrora.

Caleb Ewan, Terniko harlauzan

Tirrenon, Caleb Ewan australiarrak (Lotto) irabazi zuen esprintean hirugarren etapa; 170 kilometro Murlo eta Terni artean. Esprint arraroa izan zen, anarkikoa, batez ere azken zuzengunea harlauza gainean egin zutelako txirrindulariek. Bigarren Arnaud Demare frantziarra (Groupama) izan zen eta hirugarren Olav Kooij nederlandarra (Jumbo). Ez da oso gogorra izango, baina laugarren etapa mendatean amaituko da gaur.