GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Aaron Arbizu atzelariak Asperekin sinatu du bi urterako

Debutaren eguna eta lekua zehazteke badaude ere, Etxarri Aranatzekoak hil honen amaieran edo apiril hasieran jokatuko du lehen partida profesionaletan.


Oraindik bere debuta noiz eta non izango den zehazteke dagoen arren, martxoaren amaieran edo apiril hasieran profesional berri bat izango da eskuzko koadroan, Aaron Arbizu atzelari etxarriarrak (1998-08-04) bi urteko kontratua sinatu baitu Asperekin. Pandemiak eragindako geldialdiaren ostean, azkenaldian Andoni Gaskuek, Unai Alberdik eta Arbizuk berak –bi atzelariek Asperekin eta aurrelariak Baikorekin– eman dute profesionaletarako jauzia.

Lan-hitzarmena sinatu berritan, Arbizuk ez zuen kontratu berriak sortutako harridura eta poza disimulatzen. «Egia esan, ez nuen espero», aitortu zuen nafarrak enpresaren webean jasotako adierazpenetan. «Urduri eta oso pozik nago. Ezustekoa izan da Asperen deia. Dena hain azkarra izan da, ez baitit astirik eman berau bereganatzeko», onartu zuen Arbizuk. Pentsa, arratsaldean Adarragan jokatzekoa zen Nafarroako selekzioarekin Grabni txapelketan eta azken orduan Aitor Alduntzinek ordezkatu behar izan zuen.

Baina behin oinak lurrean jarrita, etxarriarraren asmoa Aspek eskaintzen dion aukera ahalik eta gehien aprobetxatzea da. «Ahal dudan guztia ikasi nahi dut, ahalik eta urrutien iristeko», azaldu zuen.

Azken urtean hobekuntza handia izan du Arbizuk eta hala erakusten dute azken hilabeteetan Dinastia Etxabe, Gravni eta San Anton lehiaketetan jantzitako txapelek. Kantxan pilotakada bakoitzean dena –batzuetan gehiegi ere bai– ematen duen pilotaria da, zaleek maite duten horietakoa. Etxarri Aranatzekoa izanda, izan dezake, ñabardurak ñabardura, Oscar Lasaren antzik kantxa barruan.

Tradizio handiko herria da Sakanakoa eta azken egunetan informazio iturri ere izaten ari da; izan ere, bertako beste profesionalak, Joanes Bakaikoak, hiru urterako luzatu baitu Baikorekin duen lan hitzarmena. Aurrelariak, gainera, partida garrantzitsua du gaur Mallabian, Elizegirekin batera, Promozio mailako finalerako txartela izango baitu jokoan Victor eta Gaskueren aurka.

Astelenari neurria hartzen

Urtebete da Jose Javier Zabaletak Astelenan azkenengoz jokatu zuenetik eta Katedralari berriz ere neurria hartzeko, eta bere buruarekin, batez ere eskuinarekin, erabateko konfiantza hartu ezinik dabilenez, entrenamendua egin zuen etxarrendarrak atzo Eibarren Jokin Etxanizen aginduetara. Bere buruarekin dagoen pilotaririk zorrotzenetakoa (zorrotzena ez bada) da egungo Binakako atzelari txapelduna eta ez du bere burua iaz bezain ondo ikusten eskuinarekin eta konfiantza irabazi nahian dabil txapela errepikatzeko.

Apezetxea, ezohiko debuta Galarretan

Oier Apezetxea goizuetarrak bihar debutatuko du erremontista profesional gisa. Ez da izanen estreinaldi arrunta, 30 urterekin emango baitu jauzia. Gainera, Aldaberekin batera Berria Erremonte Txapelketan jokatuko du bere lehenengo partida Galarretan.

Debutatu arte egindako bidea ere ez da ohikoena. Esku pilotan, afizionatu mailan urte asko egin eta gero, erremontera egin du salto goizuetarrak eta eskutik zestarako bide hori nolakoa izan den azaldu du. «Josu Apezetxea lehengusuak, zoritxarrez orain gutxi hil zenak, aspaldiko urteetan esaten zidan erremontea probatu behar nuela, baina esku pilotan oso sarturik nengoen. Gero, Larrañaga erremontistak eta Javi Odriozola entrenatzaileak probatzeko gomendatu zidaten eta azkenean probatu nuen. 28-29 urte nituen, esku pilotan urte asko, eta frontoian zerbait berria nahi nuen. Behin jantzi nuen xestoa Azpeitian eta abiadurak txunditu ninduen». GARA