Andoni ARABAOLAZA
ANDINISMOA

Bakarkako eskaladek lekuahartu dute Patagonian

Amaitu berri den denboraldian, Quentin Roberts kanadarrak Egger Dorrean egindakoa izan da banakako jarduera azpimarragarriena.

Beti esan dugu eta jarraituko dugu esaten Patagoniako erpinetan eskalatzea oso gogorra dela. Eta ez gara bideen zailtasunari buruz ari. Hori, jakina, askotan izaten da horrela, baina azpimarratu nahi duguna da bertako klimak jarduera guztiak erabat baldintzatzen dituela. Eguraldia oso aldakorra da. Muturreko aldaketak izaten ditu, eta, horregatik, leiho onak ondo kudeatzea ezinbestekoa da.

Horri bakarka eskalatzearen aldeko apustua gehitzen badiogu, lortutako emaitzak askoz ere garrantzi handiagoa hartzen du. Amaitu berri den denboraldian, hainbat sokadak igoera bikainak lortu badituzte ere, bakarka aritu den protagonista handi bat izan dugu: Quentin Roberts. Eskalatzaile kanadarrak eskarmentu handia du bakarkako eskaladetan. Are gehiago esango dugu: egungo munduko espezialista zailduenetarikoa da. Arrokan, izotzean zein alpinismoan curriculum benetan itzela du. Kanadako Mendi Harritsuetan adibidez, Mount Kitchener mendiko “The Grand Central Couloir” (5.9, A2, WI5, V) eskalatu du, baita Mount Temple mendiko “Strivyng for the Moon” (WI5/6, VI) ere.

Patagoniara bidaiatu aurretik, Robertsek ondo baino hobeto prestatu zuen Egger Dorrean zuen xedea. Besteak beste, berriro ere Mendi Harritsuetan, batez ere izotzean, gogor entrenatzen jardun zuen. Eta, adibidez, arrakasta itzela lortu zuen “Blessed Rage” bidean (5.7R, WI6+, V). Marra gogorra izateaz gain, oso ezaguna da izotz ustela eta sekzio arriskutsuak dituelako. Berez, 90eko hamarraldian igo zen lehen aldiz. Ondoren, hainbat eta hainbat errepikapen izan ditu, baina bakarka Robertsek lortutakoa da lehena edo lehenetarikoa.

Egger Dorrera itzuliz, aurreratu behar dugu Robertsek lan oso ona egin zuela. Berez, kanadarrarena ez da erpin horrek jaso duen bakarkako lehen igoera. 2016. urtean, Colin Haley estatubatuarrak, iparraldeko isuritik, bakarka eskalatu zuen erpina. Ohiko denboraldian izan zen; hots, Patagoniako udaran. Bakarkako bigarren igoera Marc-Andre Leclerc kanadarraren eskutik iritsi zen. Urte berean, baina irailean. Hots, Patagoniako neguan. Bakarkako bigarren igoera izateaz gain, Egger Dorrea neguan eskalatzen zen bigarren aldia izan zen.

Aurreratu behar dugu Robertsek Egger Dorrea aurretik ezagutzen zuela. Duela bi urte, Brette Harrington eta Horacio Gratton sokakideekin batera, 2018an hildako Lecrec herrikidearen omenez bide bat zabaldu zuen. Hildako bat aipatu dugunez, gogoratu behar dugu bakarka egindako jardueran Robertsek bertatik bertara jarraitu zuela Cerro Torren bi talde egiten ari ziren lana. Joan den astean, italiarrek zabaldutako bidearen berri eman genizuen. Beste taldeak, Tomas Aguilo eta Korra Pescek osatutakoak, iparraldeko horman marra berri bat sortu zuen. Baina jaitsieran, istripu baten ondorioz, Pesce hil egin zen.

Hain zuzen ere, lortutako igoeratik bueltan, kanadarrak Pesce gogoan izan zuen: «Gizon bikaina zen Pesce; betidanik miretsi izan dut. Nirekin oso bihozbera izaten zen beti, eta, eskalatzaile bezala, handia izan zen».

«Zirraragarria»

Hitz horiek sare sozialetan argitaratu ondoren, lerrootako protagonista denbora luzez egon da Egger Dorrean eginiko jardueraren inguruan azalpenik eman gabe. Antza denez, bere “ohitura” da. Robertsek aurreratu du erpina igotzeko asmoa aspalditik zuela buruan: «Duela bi urte erpinean zabaldutako bidearen ondoren, neure buruari esan nion bakarka eskalatu behar nuela. Baina amets hori egia bihurtzeko ez dut unerik egokiena bilatu. Aurtengo denboraldian, Will Stanhope kidearekin, hainbat proiektu aztertu nituen. Zoritxarrez, gaixotu egin zen, eta sokakiderik gabe geratu nintzen. Hortaz, Egger Dorrea bakarka eskalatzeko unea heldu zitzaidan».

Egindako jardueran, Roberts oso arin joan zen. Soilik 60 metroko soka bat eta ohiko tresneria eraman zituen. Soka hori bizkar-zorroa lotzeko eta luze gogorrenetan erabili zuen, batez ere, “Spigolo de Bimbi” eta “Espejo de viento” bideek dituzten luze zailenetan. Eta, jakina, baita rappelatzeko ere.

Egger Dorrea bakarka igotzeko erabakiaren inguruan galdetu zaionean, honako erantzuna eman du: «Galdera potoloa da, eta zaila egiten zait hitz bakan batzuekin erantzutea. Nire motibazioaren eta eskarmentuaren zati handi batek oinarri finko eta sendoa du. Filosofia hori aurrera eramateko, argi eta garbi dut esperientzia berriak ezagutzeko grina ezinbestekoa dela. Horrez gain, nire ibilbidean hazi egin nahi dut. Mendiak eta eskalada maisu boteretsuak dira, eta horiei entzuten ikasi behar da».

Arestian aipatu dugun bezala, ez dela kanadarraren lehen aldia Patagoniako erpin estetikoan: «Zalantzarik gabe, Brette eta Horaciorekin zabaldu nuen ‘MA’s Vision’ bideak asko lagundu nau. Marra bikaina da. Baina badakit bakarkako eskaladetan, oso sasoiko egoteaz gain, beste kontu batzuek lehentasuna hartzen dutela. Adibidez, sekzio batzuk deseskalatzen ditudanean, oso seguru egon behar dut. Eta, gai hori ondo entrenatu behar dut. Hau da, eskarmentu handia behar da».

Igoeraren inguruan adierazi du ederra izan zela, baina, era berean, baita zaila ere: «Bidea bilatzen akats handiak egin nituen; behin baino gehiagotan nahastu nintzen. Bakarrik nengoen, eta aurretik nuen ibilbidea ez nuen ezagutzen. Tarte horiek eskalatzea zirraragarria izan zen. Bestalde, sokarekin aseguratuta luze zailak eta ederrak gainditu nituen. Luze samurretan, aldiz, ia pisurik gabe asko gozatu nuen. Mugimenduetan ez nuen akatsik egin; izan ere, ondo aztertu ondoren, ia arazorik gabe sinatu nituen. Hori gutxi ez, eta aurrez aurre ikuspegi ikaragarria nuen: alde batetik, izotz kontinental erraldoia; bestetik, berriz, Cerro Torre dotorea. Egger Dorreko gailurrean egotea pribilegio hutsa da! Hitz asko aipa ditzaket: boteretsua, ikusgarria, bakarra... Edonor suspertzeko moduko ikuspegiak ditu gailurrak!».