GARA Euskal Herriko egunkaria
ATHLETIC

Balentziagak beste urte bat segituko du

Zumarragako atzelariak 2023ko ekainera arte luzatu du kontratua eta hamabigarren denboraldia beteko du talde bizkaitarrean.


Mikel Balentziagak Athleticen jarraituko du. Klub zuri-gorriak atzo iragarri zuenez, atzelari zumarragarrak 2023ko ekainera arte luzatu du kontratua eta orotara, hamabigarren denboraldia beteko du Athleticen elastikoa defendatzen.

Denboraldi honen bukaeran bukatzen zitzaion kontratua Balentziagari eta bi aldeak ados agertu dira beste urte batez luzatzeko. Bien arteko azken akordioan legez, desegite klausularik gabe sinatu du hitzarmena ezker hegaleko jokalariak.

2008an Athleticeko lehen taldearekin debuta egin zuenetik, 314 partida jokatu ditu, horietako 28 denboraldi honetan (23 Ligan, hiru Kopan eta bi Superkopan), aurreko urte osoko kopuru bera sasoia bukatzeko hamar partida falta direla. Egungo jokalarietatik partida gehien jokatu dituen laugarren futbolaria da, Iker Muniain, Oscar De Marcos eta Williamsen atzetik.

Marcelinoren plangintzan ikur garrantzitsu bilakatu da ezker hegalekoa, eta aurten jokatu dituen partidetatik %78,5 hasieratik jokatu ditu. Yuriren lesioaren ondotik, Balentziagak ezker hegalean lekua egitea lortu du. Gainera, duela aste batzuk, entrenatzaile asturiarrak berak ziurtatu zuen Balentziagak taldean jarraitu beharko lukeela, baita Oscar De Marcosek ere –arabarrari ere ekain honetan bukatzen zaio hitzarmena–.

«Bi profesional eredugarri dira, gazteengan jarrera onak sustatzeko erreferentzia. Lehiakortasun maila nahikoa dute, ona eta oso onaren artean, eta partida asko jokatzeko daude», esan zuen. «Zintzotasunagatik, izateko moduagatik, lanarekiko jarreragatik, lankideekiko eta ondoan dituztenekiko errespetuagatik dira eredu. Athleticen ezinbestekoak diren balioak. Gazteei futbolari hobeak izaten laguntzen diete», azpimarratu zuen asturiarrak.

Bartzelonaren aurka 2015eko eta 2021eko finaletan lortutako Superkopako bi tituluak ditu bere garaipen zerrendan. Hala nola, lau aldiz txapeldunorde geratu da Kopan (2008-2009, 2014-2015, 2019-2020 eta 2020-2021).

Iñigo Martinez, kolokan

Giharretako arazoen erruz Betisen aurkako azken partida galdu ostean, badirudi Iñigo Martinezek zail izango duela ostiralean Getaferen aurka jokatzeko garaiz osatzea. Astelehenean bakarka ariketa batzuk egiten ibili zen Lezaman, baina atzo ez zelaira irten ere egin.

Unai Simonek ere ez zuen saioan parte hartu –klubak ez zuen arazo fisikorik jakinarazi–, eta Julen Agirrezabala eta Ander Capa normaltasunez entrenatu ziren taldekideekin.