GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA - BERA BERA

Valladolid izango da Kopako lehen aurkaria


«Jokalariek Malaga saihesteko eskatu didate», onartu zuen Imanol Alvarez entrenatzaileak behin zozketa bukatu zenean. Aurten, Koparen 43. edizioa Donostiako Illunbe pabiloiak jasoko du eta, talde antolatzaile moduan, Bera Berak ahalmena izan du bere lehen arerioa zein izango den aukeratzeko. Alba Menendez kapitaina eta Alvarez entrenatzailea, taldeko ordezkari moduan, hurbildu ziren Miramar jauregian eginiko zozketara eta ez zuten zalantza egin aurkaria aukeratzerakoan.

«Bata edo bestea aukeratu, arerio guztiak dira zailak. Hala ere, printzipioz uste dugu koadroaren lehen adarra samurragoa dela. Aurten galdu dugun partida bakarra Malagaren aurkakoa izan da», zehaztu zion NAIZi Alba Menendez zarauztarrak.

«Lehen partida izaten da zailena. Aula Valladoliden aurkakoa ez da erraza izango, baina ikusita beste aldean Rocasa eta Malaga daudela...», gaineratu zuen entrenatzaile ermuarrak.

Irabaziz gero, Atletico Guardes edo KH7 Granollersen aurka jokatuko lukete finalerdia. Jose Ignacio Prades talde galiziarreko entrenatzaileak adierazi zuen «inoizko Kopa irekiena» izango dela eta Alvarezek Ligan dagoen berdintasun handia nabarmendu zuen.

Menendezek, bestalde, uste du Kopa beti izan ohi dela lehiaketa irekia. «Begira, azken bost denboraldietan bost txapeldun ezberdin egon dira», oroitarazi zuen. Bera Beraren azken finala 2019an izan zen, Lasesarren, Euskal Herrian jokatutako azken edizioan. Han «etxean bezala» sentitu ziren eta orain, Donostian jokatuta, babes hori areagotzea espero dute.

Rocasa eta Malaga lehiatuko dira hirugarren final laurdenean eta, azkenekoan, Bera Berak lehen adarra aukeratu zuenez, Kopako azken txapeldun Elx Unicaja Banco Gijonen aurka lehiatuko da. Bi partida horietako irabazleek finalerdietan neurtuko dituzte indarrak.

Apirilaren 29tik maiatzaren 1era bitartean jokatuko da Kopako azken fasea Illunben. Astean zehar beste ekintza batzuk egongo direla aurreratu zuten Donostiako Udaleko kirol zinegotzi Martin Ibabek, Gipuzkoako kirol diputatu Arkaitz Millanek eta Bera Berako eskubaloi arduradun Tati Garmendiak.