Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Baskonia, nortasuna eta garaipena berreskuratu nahian

Asteazken gauean Bartzelonaren aurka 77-96 galdu eta gero, suminduta eta haserre zegoen Neven Spahija, baina ez emaitzagatik bakarrik.

«Harrotasun handiagoarekin jokatu behar dugu! Gehiago borrokatu behar dugu! Besterik ezean, falta gehiago egin beharko ditugu ba gutxienez!», adierazi zuen Sibenikeko entrenatzaileak partidaren ostean.

Baina egutegiak ez du penetan egoteko astirik ematen eta Bitci Baskoniak beste partida bat jokatuko du gaur, 20.30ean, etxean, Alba Berlinen aurka.

Euroligari dagokio gaurko neurketa eta talde errusiarrak kanporatzen badituzte –hilaren 21ean hartuko du behin betiko erabakia Euroligak– Top 8an sartzeko outsiderren arteko neurketa izango da. Bai arabarrak bai alemaniarrak bederatzi garaipenekin daude, zortzigarren postutik bi garaipenera.

Joan den astean gasteiztarrek Asvel Villeurbanne eta Anadolu Efesi irabazi zieten, eta ez da gutxi. Alabaina, Berlingo taldeak Euroligan jokatu dituen azken sei neurketetatik bost eraman ditu, eta inoizko sasoi onenean dago, nahiz eta Eriksson eta Olinde min hartuta egon, eta zalantza handiak dauden Zoosman eta Thiemann prest egongo ote diren.

Israel Gonzalez espainiarrak zuzentzen duen taldeak Maodo Lo antolatzailea du buruzagi. Esaterako, joan den astean Olynpiakosi 27 puntu, 7 asistentzia eta 5 errebote egin zizkion, eta ez da ahaztu behar antolatzaile alemanak ia beti bikain jokatu ohi duela gasteiztarren aurka.

Ikustekoa izango da, beraz, Maodo Lo eta Wade Baldwinen arteko lehia; izan ere, asteazkeneko partidan Neven Spahijak «zigortu» egin baitzuen antolatzaile estatubatuarra.

«Nire aginduetara dagoenetik inoizko partidarik txarrena egin du, ez erasoan ez defentsan ez baitu behar bezala jokatu», leporatu zion Spahijak. Ikusi egin behar honek ere, taldeak bezala, harrotasuna, nortasuna eta garaipena berreskuratzerik duen.