Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Bere akatsen erruz, Bilbao Basket galtzaile

M. ANDORRA 82

S. BILBAO BASKET 72


Andorra ez da plaza aproposa Bilbao Basketentzat, ez baitu 2015az geroztik han irabazi. Atzo izan zituen aukerak inertzia hori apurtzeko, baina akats larregi egin zituen eta garesti ordaindu zituen azkenean.

Bigarren laurdenean 19-27 aurreratu ziren bizkaitarrak Inglisen eskutik, baina abantailari ihes egiten laga zieten beltzezko gizonek, eta Andorrak, nahiz eta sailkapenean gaizki egon eta urduritasuna nabaritu, atsedenaldirako buelta eman zion demari: 37-36, Jelineki esker batik bat.

Alabaina, bizkaitarren ajeak askoz gehiago nabarmendu ziren aldageletatik bueltan. Jaurtiketa libreetan kale egiten hasi ziren –eta hori Angel Delgadok ez zuela jaurtiketa libre bakar bat ere bota–, defentsako errebotea zaintzeko gero eta lan zailagoak zituzten eta baloi larregi galdu zituzten. Dena den, azken laurdena 58na hasi zen, Damien Inglis eta Alex Reyesi esker.

Ongi ekin zion talde bilbotarrak azken laurdenari ere, baina berehala kateatuta geratu ziren, eta Andorrak, Pauli, Jelinek eta Moussa Diagneren bitartez, hanka egin zuen markagailuan.

Jarraitutasunik ez erasoan eta behar baino bigunago defentsan, 24-14ko partziala sartu zion Andorrak Bilbao Basketi eta akabo orduan atzoko partida irabazteko ametsak eta nahiak.

IDK Euskotren, irabazle

Emakumeen Endesa Ligari dagokionez, 57-39 nagusitu zen IDK Euskotren Logroñoko Campus Prometeren aurka. Datorren astean Perfumerias Avenidaren aurka Kopako final-laurdenak jokatu beharko dituzte donostiarrek, eta hori beste kontu bat izango da, baina atzo bederen bikain irabazi zuten.

Lauren Cox pibota nabarmendu zen batez ere, 22 puntu –tartean lau hiruko– sartuta. Atsedenaldiaren ostean, gipuzkoarrek errioxarrak azpian hartu zituzten.