GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Gernikako arrakasta luzatu nahian

Aurtengo Jai Alai World Tour zirkuituak lau Grand Slam izango ditu, lauko final bat izango du, eta maiatzetik abendura egingo da.


Atzo aurkeztu zuten Bilboko Itsas Museoan 2022ko Jai Alai World Tour zirkuitua. Gernikako Winter Series lehiaketak izan duen arrakastari jarraipena eman nahian, maiatzetik abendura arteko txapelketa sorta prestatu dute Jai Alive eta Gernika Jai Alai zesta-puntako enpresek, Munduko Pilota Batzarrarekin batera.

Zirkuitu nagusia Grand Slam izeneko lau torneok osatuko dute. Donostiakoa maiatzaren 14tik ekainaren 11ra jokatuko da; Markinakoa, ekainaren 18tik uztailaren 16ra; Gernikakoa uztailaren 23tik abuztuaren 16ra, eta Hondarribikoa uztailaren 15etik urriaren 1era. Ondoren, lauko final bat egongo da txapelketa horietako irabazleekin.

Grand Slam bakoitzean sei bikotek hartuko dute parte, hiruko bi multzotan banatuta. Zortzi pilotarik txapelketa guztietan hartuko dute parte: Aritz Erkiaga, Iñaki Osa Goikoetxea, Diego Beaskoetxea eta Jean Olharan aurrelariek eta Imanol Lopez, Unai Lekerika, Nicolas Etcheto eta Jon Zabala atzelariek. Txapelketa bakoitza osatzeko behar diren beste lau puntistak aldatzen joango dira.

Binakako lehiaketa horiek amaitutakoan, buruz buruko txapelketaren txanda izango da, aurten ere oso-osorik Berriatuan jokatuko dena abenduaren 2tik 30era. Antolatzaileek argi dute Gernikako arrakasta kirol hutsetik harago doala, eta horregatik bertako formula gainerako lekuetara eramaten saiatuko dira, pilota jaialdiak ikuskizun zabalago bat bilakatuz, musikaren edo beste elementu batzuen laguntzarekin.

«Olatu handia izan da harrapatu duguna. Gernikakoa gertutik bizitzeko aukera izan dut, baina kanpotik bizitzekoa batez ere, eta ikusi dut zesta pastel osoaren ginda dela, zati bat, baina pastela handiagoa dela. Musika dago, gastronomia, edatekoa, giroa, jende gaztea… eta zesta-punta. Nik hau gozatu nahi dut ahal dudan heinean, baina batez ere atzetik datozenentzat da garrantzitsua», esan zuen Imanol Lopez atzelari beteranoak aurkezpen ekitaldian.

«Badakigu Gernikakoa errepikatzea zaila izango dela, baina ea beste herrietan ere jende gehiago hurbiltzen den zesta ikustera», aipatu zuen, bestalde, Aritz Erkiagak. «Egutegi betea daukagu eta aurrez zer edukiko dugun jakiteak lasaitasuna ematen du ongi prestatzeko», gaineratu zuen.