GARA
TXIRRINDULARITZA - VOLTA

O’Connorren ausardiak saria du: garaipena eta lidergoa

Ander Okamika –mendiko liderra– eta Mikel Bizkarra, ihesaldiko protagonistak.

Aurtengo Voltako mendiko lehen etapak protagonismo euskalduna izan zuen dudarik gabe. Ander Okamika (Burgos) eta Mikel Bizkarra (Euskaltel Euskadi) eguneko ihesaldian sartu ziren, eta lau minutuko abantaila izatera heldu ziren La Molinako helmugarako 46 kilometroren faltan. Beraiekin Casper Pedersen (DSM), laguntza askorik eman ez zuena, eta Simone Petilli (Wanty) aritu ziren ihesean. Kilometro gutxiren faltan, abenturazaleak harrapatu egin zituzten, Bizkarra salbu. Euskaltel Euskadikoa bakarka saiatu zen, baina azken 10 kilometroetan harrapatu zuen Ben O’Connorrek (Ag2r); etapa amaieran garaipena lortu eta lider berria bilakatu zen australiarra.

Lehen bi etapetan Michael Matthews eta Kaden Groves aberkideek lortutako garaipenei jarraipena emanez, O’Connorrek sei segundoko aldea atera zien helmugan Juan Ayuso espainiarrari eta Nairo Quintana kolonbiarrari (Team Arkea).

Euskaldunei dagokienez, garaipena lortu ez arren, eguneko ihesaldiari etekina atera zioten. Izan ere, Ander Okamika mendiko lider berria da eta Mikel Bizkarra eguneko txirrindulari borrokalariena izendatu zuten.

La Molinakoak beste etapa gogor bati emango dio bide gaur, Boi Taull mendate ia ezezaguna gainditu beharko baitute txirrindulariek. Duela hogei urte igo zuten azken aldiz eta ziurrenik egungo tropeleko inork ez du lasterketa batean igo. Etapa nagusia izango da. La Seu d’Urgelletik atera eta lehen mailako bi mendate igaro beharko dituzte, Coll Boixols eta Port Creu Perves, 12,7 kilometroko Boi Taull igo aurretik. Batezbesteko desnibela %5,6koa da eta, aldapa gogorrenak, %12koak. Helmuga 2.015 metroko altueran dago. Alejandro Valverde (Movistar) esperientzia handiko txirrindulari murtziarrak, adibidez, ez du mendatea ezagutzen, baina badaki «nahiko exijentea eta niretzat ona» dela.

Ineos, bikain Coppi-Bartalin

Ethan Hayter (Ineos) britaniarra esprintean gailendu zen atzo Semana Coppi-Bartali lasterketako bigarren etapan, Belvedereko Horman. Denboraldiko lehen garaipena du erlojuaren aurka oso ondo aritzen den 23 urteko britaniarrak. Iaz bederatzi garaipen lortu zituen. Ineosek lan bikaina egin zuen. Izan ere, hamabost igoerako jardunaldian, taldeak beste txirrindulari bat ipini zuen hirugarren postuan, 20 urteko Ben Tulett. Gainera, Eddie Dunbar da lider berria.

Bestalde, Pascal Ackermannen (UAE) erorikoa aprobetxatuz, Tim Merlier (Alpecin-Fenix) belgikarrak Bruges-De Panne lasterketa irabazi zion esprint itxi batean Dylan Groenewegeneni.