Dabid LAZKANOITURBURU

Talibanen dilemak bost axola zaizkie emakume afganiarrei

Talibanak iazko abuztuaren 15ean Kabulera tirorik bota gabe sartu zirenean, bi irakurketa nagusitu ziren rigoristen itzuleraren inguruan.

Batak zioen AEBen inbasioak desegin zuen 1996-2001 urte arteko Emirerri Islamikoaren erru eta gehiegikeriak eta okupazioaren aurkako 20 urteko borroka talibanentzat ikasgaiak izan zirela eta aldatu egin direla.

Besteak dioenez, talibanak beti talibanak izango dira eta funtsean, keinu batzuk alde batera utzita, islamaren inguruan egiten duten interpretazio rigorista edo zorrotza beti gailenduko da.

Hasiera-hasieratik, bai Gobernua osatzeko orduan, baita aurreneko neurrietan ere, talibanen mugimenduaren baitan nabariak izan dira barne-tirabirak.

Hiriburura iritsi ziren gerrillariak AEBen okupazioaren aurka askapen nazionalaren aldeko borrokan erroldatutakoak ziren, xariaren eta jurisprudentzia islamikoaren inguruko eztabaidak bost axola zaizkienak. Eta horien atzetik iritsi ziren Dohan (Qatar) Washingtongo ordezkariekin negoziatzen urteak eman zituzten taliban agintari diplomatikoak.

Hala ere, mugimenduaren hiriburu Kandahar-etik eta Afganistan hegoaldeko landa-eskualdetik abiatuta, berehala hartu zuten Kabulerako bidea betiko talibanek ere, historikoek, emakumearen eskubideen gainetik ahuntzen larreari garrantzi handiagoa ematen diotenek.

Talka horrek argitu dezake talibanen gobernuak erakusten duen noraeza.

Litekeena da talibanek emakumeen auzia Mendebaldearen aurrean presio moduan erabiltzea ere. AEBek ez dizkiete afganistandarrei itzuli Kabulgo Banku Zentralean gordeta zeuden urrea eta dolarrak. Eta talibanek nazioarteko laguntza ezinbestekoa dute eta ez dute nahi laguntza hori GKEen bidez bideratzea.

Dena den, talibanen “barne-pluralismoa” eta Afganistanetik era lotsagarrian alde egin behar izan zuen Mendebaldearen mendekua pisu handiko argudioak izango dira. Baina bata zein bestea aitzakia gisa erabiliz Afganistango emakumeen eskubideak bahituta mantentzea kriminala da. Maiuskulaz.