Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

«Calima»

Azken egunetan jendearen ahotan bolo-bolo ibili den gaia da calimarena; batez ere, eragin duen zikintasunagatik. Calima, edo euskaraz gandua, haizeak (gure kasuan hego-haizeak) Saharako basamortutik gugana hondar partikula txikiak ekartzen dituenean eratzen da. Hondar partikula horiek atmosferan mantentzen dira eta zeruari kolore marroi edo laranja ematen diote. Horregatik ikusten dugu zerua zikinduta gandua dagoenean. Partikula horiek oso ugariak badira edota euria egiten badu, lurrera jausten dira, eta ukitzen duten objektu oro zikintzen dute.

Egoera hori gertatzeko oso garrantzitsua da borraska edo antizikloi batek ibilbide luzeko hego-haizea bidaltzea. Hego-haize horrek Saharako hondarrak harrotu eta gugana bidaltzeko adinako indar eta ibilbidea izatea funtsezkoa da, bestela ez baita hondar partikularik gugana iritsiko.

Askok uste dezakeenaren aurka, gure ingurumarian gandua izatea ez da batere arraroa. Euskal Herrian hego-haizea sarri izaten da eta askotan ibilbide luzea izaten du, eta halakoetan gandua ekartzen du. Egiari zor, aurreko astean izan genuenak adina partikula dituen ganduak ez dira hainbestetan izaten.

Hauts-gandua oso esanguratsua bada, arazo fisikoak eragin diezazkioke gizakiari. Begiak lehortu, eztarria urratu edo arnas aparatuko gaitz batzuk eragin ditzake, eta oso kaltegarria da asma duen jendearentzat.