GARA Euskal Herriko egunkaria

Azerbaijanek Karabakh Garaia inbaditzeari ekin diola salatu du Armeniak

Azerbaijan Karabakh Garaiko eskualdean, Errusiako Armadaren kontrolpean dauden guneetan, indarrez sartzen hasi dela salatu du Armeniak. Bakuko Gobernuak ukatu egin du eta «indarra erabili gabe» bere tropen «kokalekua zehazten» ari dela ziurtatu du.


«Azerbaijango indar armatuen inbasioa martxoaren 24an hasi zen, Askeran eskualdeko Paruj herrian, Errusiako tropa bakegileen ardurapeko eremuan», jakinarazi zuen, atzo, Armeniako Kanpo Arazoetako Ministerioak ohar batean.

Bestalde, Karabakh Garaiko Defentsa Ministerioak azaldu zuen Azerbaijango Armadak bere soldaduei eraso egin ziela eta droneak ere erabili zituela. Bost soldadu azerbaijandar hil eta sei armeniar zauritu ziren, iturri horren arabera.

Erevanek ohartarazi zuen egoera «oso larria» dela eta gaineratu zuen espero duela su-etenaren bermatzaile gisa jarduten duen Errusiak neurriak hartuko dituela «Azerbaijango indar armatuen unitateak berehala erretiratzeko» errusiar kontingentearen erantzukizun-eremutik.

Bide batez, Karabakh Garaiko herriaren eskubideei eraso egin diela argudiatuta, Azerbaijanen aurka berehalako neurriak har ditzala eskatu zion Giza Eskubideen Europako Auzitegiari.

Bakuko Gobernuak, ordea, ukatu egin zuen droneak erabilita liskarrak izan zirela; «indarra erabili gabe, gure efektiboen kokapen puntuak zehazten ari gara», ziurtatu zuen. «Armeniarren informe probokatzaileak gezur hutsa dira», gaineratu zuen Azerbaijango Gobernuak.

Hala ere, argi dago egoerak okerrera egin duela, eta Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak Armeniakoarekin, Suren Papikyanekin, eta Azerbaijangoarekin, Zakir Hasanovekin, hitz egin du azken orduotan.

Armeniako Kanpo Arazoetarako ministroa, Ararat Mirzoyan, AEBetako Estatu idazkariaren ondokoarekin, Karen Donfriedekin, mintzatu zen telefonoz.

2020. udaberriko gerraren ondorioz, Armeniak Karabakh Garaiko eta inguruko lurraldearen bi herenak galdu zituen.

Karabakh Garaia eskualde armeniarra Azerbaijanen menpe zegoen Sobietar Batasunaren garaian. Honek porrot egitean armeniarrek berreskuratu zuten eta, «segurtasun-eremuaren» izenean, inguruko herri azerbaijandarrak okupatu eta bertako herritarrak kanporatu zituzten.

Turkiaren laguntzarekin, Azerbaijanek 2020ko azaroan gerra irabazi zuen eta su-etena sinatu zuten bi aldeek. Bakuko Gobernuak, hala ere, ez dio presio egiteari utzi ordutik.

Ukrainako gerra baliatuko duten beldur da Armenia, Errusia bere gerran buru-belarri sartuta baitago une honetan.

Aurreko astean Karabahk Garaira gasa eramaten duen gasbidea kaltetzea leporatu dio Erevanek Bakuri. Horren ondorioz, 120.000 pertsona berotzeko aukerarik gabe geratu ziren eta, gainera, nazioarteko erakunde humanitarioei ez diete bertan sartzen uzten.