GARA
LASESARRE

ZEV Zuazok Gijongo La Calzada talde indartsua hartuko du gaur

ZEV Zuazok jarraipena emango die gaur, Lasesarren (17.30), sailkapenaren goialdeko talde indartsuen aurka elkarren segidan jokatu behar dituen partidei. Aurreko astean Guardesen aurka galdu ostean, orain Gijongo La Calzada izango da Barakaldoko kantxa bisitatuko duena, Bera Berarekin liga irabazteko borrokan bete-betean sartuta dagoen taldea.

Une honetan asturiarrek 30 puntu dituzte, donostiarrek baino bost gutxiago, baina kontuan izan behar da neurketa bat gutxiago jokatu dutela gijondarrek. Horregatik, hortzak ongi zorroztuta etorriko dira Barakaldora eta Zuazok bere mailarik onena eman beharko du.

«La Calzada ezagutzen dugun taldea da; lehen itzulian bi golengatik galdu genuen, bajak izan arren, eta ziur oraingoan ere partida estua izango dela», adierazi zuen demaren atarian Haito Rodriguez entrenatzaileak.

«Oraingoan beraiek dira bajak dituztenak; Lorena Zarco, adibidez, baina talde bikaina daukate Faria, Cacheda, Palicio eta Borges bezalako jokalariekin. Gure jokalari izan zen Nayla de Andres ere itzuliko da, eta ziur partida polita izango dela», gaineratu zuen.

Neurketaren gakoen inguruan, entrenatzaileak argi du aukerak izateko bidea: «Defentsa gogorra eta 24 edo 25 gol baino gutxiago jaso. Defentsan lan ona egiten ari gara eta horrek konfiantza ematen digu erasoan jokatzeko. Ez ditugu baloi errazak galdu behar, horrek asko zigortzen baitu».

Oraingoz, mailari eusteko helburua oso ongi bideratuta dute barakaldarrek, zazpi puntuko aldea zortzigarren sailkatuarekiko, baina egutegi zaila dute aurrean.