GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Orekak haustera dator Gaminde

14 urterekin, Laukizkoak egungo atzelaririk onena dela berretsi du eta Arrizabalaga oso sendo batek lagunduta, aukerarik ez zieten eman aurkariei.


ALDAI-CAPELLAN 3

ARRIZAB.-GAMINDE 22


Bikoteak ezagutarazi zituzten egunetik Olatz Arrizabalagak eta Enara Gamindek Binakako Master Laboral Kutxako txapelak janzteko faborito garbiak izatearen zama hartu zuten bizkar gainean eta, presio horrekin jokatzea batere erraza ez den arren, txapelketa bikain –jokatutako partida guztiak irabazi dituzte– eta are final perfektuago bat jokatuz, ondo merezitako garaipena lortu zuten Amaia Aldai eta Andre Capellan (22-3) jipoituta. Hirugarren finala zen atzokoa Irunen eta ez zuen aurreko bien batere antzik izan; dena ezin eta, aurreko bietan zaleen berotasuna falta izan bazen, atzokoan harmailak beteta, emozioa eta oreka falta izan zituen partida nagusiak jardunaldia perfektua izan zedin.

Denbora gutxian ikaragarri hazi den kirola da emakumeen esku pilota, garapen izugarrian dagoena, eta alde horretatik normala izan daiteke edozein agerpen edo aldaketak hankaz gora jartzea modalitate honen elitearen errealitatea.

Eta ezbairik gabe, 14 urteko Enara Gaminderen agerpena orain arteko orekak goitik behera aldatzera dator. Lau eta Erdikoan erakutsiak zituen bere dohainak, kontsolazio finalean txapelketa honetan lagun izan duen Olatz Arrizabalagari irabazita baina, atzelaria izanda, binakakoan izan da erabakigarria, gernikarraren alboan arrakalarik gabeko bikotea osatuz.

Olatz Ruiz de Larramendiren baimenarekin, pena da, momentuz behintzat, bata bestearen aurka jokatzen ezin izatea ikusi. Laukizkoa izango da momentuko atzelaririk sendoena. Finalean ere, dominatzeaz gain, bizi astindu zuen pilota bi eskuekin, ez zuen pilotarik galdu eta kantxaren jabe izan zen, hasi eta buka.

Adin horrekin eta bere lehen finalaren aurrean, urduritasuna kudeatzen nola erantzungo ote zuen zen zalantza nagusia, baina erabateko plaza-andre bat bezala aritu zen, telebista kameren eta frontoian ziren 500 ikusleen presiorik batere sentitu gabe.

Hasi eta buka

Eta bizkarrak horren ondo babestuta izanda, jarraian hirugarren finala jokatu duen Olatz Arrizabalagak ez zuen hutsik egin nahi izan eta oso final serioa jokatu zuen, pilotari abiadura eman, Amaia Aldai saihestu eta jokoa Andrea Capellanengana etengabe bideratuz.

Eta baldintza hauetan, kirolak, pilotak kasu honetan, bere bi aldeak erakutsi zituen festa behar zuen Irungo jaialdian, gupidarik gabe. Bizkaitarren kasuan dena aldapa behera izan zena, Aldai eta Capellanentzat dena izan zen ezin eta frustrazio. Ohartzerako, aurkariak 6-0 aurreratu ziren, eurak partidatik erabat irten ziren eta ez zuten erauntsiaren aurrean erantzuteko gaitasunik erakutsi.

Jokotik erabat deskonektatua, Dimako aurrelariak oso behartuta sartu behar izan zuen bikotekideari lagundu edo erasora pasatzeko eta, gainera, ez zuen bere egunik onena izan. Eta 16 urterekin, errioxarrak oso trantze txarra pasatu zuen aurkarien nagusitasunaren aurrean. Txapelketako lehen partidan, Eibarko Astelenan, irabaztetik gertu izan ziren aurkari berberen aurka, 22-17 galtzen amaitzeko, baina bizkaitarra eta errioxarra oso urrun egon ziren orduan eman zuten mailatik eta finalak eskuetatik ihes egin zien.

«Ez nuen halakorik inondik espero»

Bezperan ere ikusia genuen erabat desorekatutako final bat, baina parte-hartzaileak horren gazteak izanda, lehiaketaren krudeltasuna are nabariagoa egiten da eta sarkorragoak dira Andrea Capellanek, kantxan bertan, isuritako malkoak, baita ezkutuagoan botatako Amaia Aldairenak ere.

Denetan gazteenari, ordea, barre egitea egokitu zitzaion. «Ez nuen uste inoiz halakorik irabaziko nuenik, eta gutxiago 14 urterekin, eta oso pozik nago», azaldu zuen Enara Gamindek. Jasotako laudorioek lotsatuta, Laukizkoak gainontzeko finalistekin ospatu zuen garaipena sagardotegi batean. J.O.