GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Amiantoaren kalteen onartze motelegia


EAEko Auzitegi Nagusiak egunotan ebatzi du Fundiciones del Eztanda enpresako langile baten heriotza silize-hautsa arnasteagatik sortutako gaixotasun profesional baten ondorioz gertatu zela. Erabaki horrekin, Donostiako epaitegi baten aurretiazko epai bat zuzendu du EAEko Auzitegi Nagusiak. Ildo beretik, Donostiako beste epaitegi batek laneko gaixotasun gisa onartu du burdin hautsaren eraginpean zegoen langile baten siderosia, eta, bide batez, langileen osasunerako kaltegarriak diren agenteen zerrenda zabaldu du. Bi epai judizial horiek, beste behin ere, lanean hautsa arnastearen eta biriketako gaixotasunak garatzearen arteko lotura ezarri dute.

Horren guztiaren alde tamalgarriena da kausa-efektu erlazio hori aspaldi ezarri bazen ere, kaltetu askok eta haien familiek bide judizial luzea jarraitu behar izaten dutela gaixotasun profesionala aitor diezaieten; gainera, sarri, enpresak errekurtso judizialen aukera guztiak agortzen saiatzen dira, biktimen sufrimendua beharrik gabe luzatuz. Atzerapen horri Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarena ere gehitu ohi zaio. Izan ere, Gizarte Segurantzak ez du espedienteok ebazteko prestasunik azaltzen, batez ere ezintasuna iraunkorra denean. Laburbilduz, ez enpresa eremuan ez Administrazioan ez dago espedienteok azkar ixteko borondaterik lan baldintza negargarrien biktima izan diren langileen eta euren familien sufrikarioa arintzeko. Esparru judizialean jarraibide argirik ez dagoenez, enpresen zabarkeriaren ondorioz osasuna galdu duten langileei ez zaie tratu egoki eta azkarrik ematen.

Testuinguru horretan, badirudi, nahi baino beranduago bada ere, amiantoaren biktimentzako funts estatalak argia ikusiko duela azkenean, hori bai, behin funtsaren edukia indargabetzeko PSOEren enegarren saiakera gainditu ondoren. Ezbairik gabe, amiantoak kaltetutako langileei justiziaz dagokien zerbait lortzeko borroka luzeegia izaten ari da. Gainditu beharreko erresistentziek argi erakusten dute eremu politikoan zenbateraino lehenesten diren enpresen interesak langileen osasun eskubideen gainetik.