GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

«Ikuskizun bikoitza», Gernikak eta Bilbao Basketek apirilaren 9an


Datorren apirilaren 9an, larunbata, Lointek Gernika Bizkaia Miribillako Bilbao Arena pabiloira itzuliko da. «Saskibaloiaren ikuskizun bikoitza» aurkeztu zuten atzo, Miribillan bertan, Isabel Iturbe Bilbao Basketeko presidenteak eta Gerardo Candina Lointek Gernikako presidenteak, elkarrekin eman zuten prentsaurrekoan.

Larunbat betea izango da Bilbao Arenan. Hasteko, 17.00etan talde gernikarrak Logroñoko Campus Prometeren aurka Emakumeen Ligako partida jokatuko du. Ostean, 20.45ean, Surne Bilbao Basketek Valentzia Basketen bisita jasoko du.

Duela bi urte, Bilbao Basketek eta Gernika Saskibaloi Elkarteak lankidetza hitzarmena sinatu zuten. Urtean behin gutxienez Lointek Gernikak Bilbao Arenan joka zezala bermatu zuten, eta 2020ko urtarrilaren 4an gernikarrek Mann Filter taldearen aurkako neurketa ikusteko 5.562 lagun bildu ziren.

Tamalez, handik gutxira mundua goitik behera aldatu duen covid-19a dela-eta, gizartea pandemia egoeran sartu zen eta hitzarturiko hainbat eginbehar bertan behera geratu ziren.

Aukera berriro zabaldu delarik, kirol elkarte biek bere garaian hitzarturikoa betetzea deliberatu dute. «Ikuskizun zoragarri bikoitz hau ikustera gonbidatu nahi ditugu saskibaloi zale guztiak», adierazi zuten presidenteek. Horretarako, prezio merkeak ezarri dituzte. Bestalde, federazio lizentzia edo eskola lizentzia duten saskibaloi jokalari eta entrenatzaileentzat sarrera debalde jarri dute.

Neurketak gaur gauean

Bestalde, bere garaian atzeratutako partidak jokatu behar dituzte gaur gauean Surne Bilbao Basketek eta IDK Euskotrenek. Biek ala biek 20.30ean jokatuko dute.

Bilbotarrek Malagan Unicajaren aurka jokatuko dute, igandeko euskal derbian jasandako porrot latza (62-90) ahaztu nahian. Donostiarrek, berriz, Perfumerias Avenida Emakumeen Kopako txapeldunaren etxean jokatu behar dute. Gogoan izan behar da Kopako final-laurdenetan gipuzkoarrek estu hartu zutela Salamancako taldea, nahiz eta 60-56 galdu azkenean.