GARA Euskal Herriko egunkaria
AIZKORA

Larrañaga eta Vicente prest daude apustu handirako

Hamabi kana-erdiko eta sei oinbiko ebaki beharko dituzte eta alde bakoitzak 7.000 euro ipini ditu jokoan.


Mikel Larrañaga eta Iker Vicente prest daude larunbatean 18.30etik aurrera Tolosako zezen-plazan jokatuko duten aizkora apustu handirako. Hamabi kana-erdiko eta sei oinbiko ebaki beharko dituzte eta alde bakoitzak 7.000 euro ditu jokoan.

Aurkezpen prentsaurrekoa atzo eguerdian egin zuten Tolosan bertan eta bi protagonisten adierazpenak jasotzearekin batera, ekitaldiaren azken xehetasunak ere eman zituzten. Adibidez, sarrerak telefonoz erreserbatzeko epea ostiralean 20.00etan itxiko dela eta egunean bertan sarrerak erosteko leihatila 10.00etan irekiko dela.

Oinbikoak eta bi kana-erdiko Larrañagak eramango ditu plazara, eta beste hamar kana-erdikoak Vicentek. Esan zutenez, gustuko egurra topatzea ez da erraza izan, baina ez dago aitzakiarik alde horretatik. «Kosta zaigu egurrak aurkitzea. Neguan ez da erraza izaten. Lehendik gordeta edukiz gero bai, baina bestela ez, oraintxe mendian ez direlako ibiltzen lanean. Baina azkenean gustuko egurra aurkitu dugu», azaldu zuen Vicentek, Euskal Herriko txapeldunak.

Kontuan izan behar da erronka Mikel Larrañaga txapeldunordeak bota ziola Vicente txapeldunari. Historian hamabi aldiz jokatu du desafioa txapeldunak txapeldunordearen kontra, azkeneko aldiz orain dela 23 urte, eta zazpi bider txapeldunordeak irabazi du, eta bost bider soilik txapeldunak.

Alde horretatik, adierazgarria da aizkolari bakoitzak prestaketa garaian zer alde desberdinak landu dituen. Larrañagak kilo batzuk galdu eta batez ere hauspoa landu du eta Vicentek, aldiz, kilo batzuk hartu eta indarra landu nahi izan du. Gaur-gaurkoz, biak 89 kilotan omen daude.

«Hamar kilo bota ditut. Indar aldetik eta ongi ibiltzen nintzen, baina behin ordu erditik aurrera ikusten nuen asko jaisten nintzela fisikoki, eta horregatik indar asko galdu gabe iraupen fisikoa irabazten saiatu naiz. Uste dut lortu dudala», onartu zuen Larrañaga azpeitiarrak.

«Kiloren bat gehiago hartu nahi izan dut, aurkariak ni baino kilo gehixeago dituelako eta kolpe gehiago, eta apur bat bere pare jarri nahian», azaldu zuen Vicente otsagabiarrak.

Prestaketa lanak ongi joan omen dira. «Hasieran gerriko arazo batzuekin ibili nintzen, baina orokorrean gogotsu aritu naiz», aipatu zuen Vicentek. «Hiru hilabete luze egiten dira; eguna pasatzeko gogoa izaten da», gaineratu zuen Larrañagak.