GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Saharari traizio egiteak ondorio kate luzea dakar


Pedro Sanchezek Gobernuak Mendebaldeko Sahararen deskolonizazioaren inguruan jarrera zergatik aldatu duen azaldu zuen atzo Espainiako Kongresuan. Adierazi zuenez, Marokok autonomia bat proposatu izana da konponbide bat eraikitzeko aukera gehien ematen duen oinarria. Gobernuaren jarrera aldaketa hori, ordea, ez zuen Espainiako ganberako alderdi bakar batek ere babestu. Traizioa, inkoherentzia, hipokrisia eta halakoak aurpegiratu zizkioten. Sahararrei egindako traizioan oso bakarrik geratu da PSOE.

Gobernuko presidenteak argudio pragmatikoa eman zuen: hori dela gatazka ixteko modua. Arrazoi hori, ostera, faltsua da, justiziarik gabe ezin baitzaio konponbiderik eman lurralde baten legez kanpoko okupazioari. Marokori babesa emateak okupatzailearen tiraniari laguntzea esan nahi du, eta irtenbide justu eta iraunkor bat auzibidera atzeratzea. Azalpen hori osatzeko, Sanchezek argudiatu zuen Estatu espainolak interes berezia duela alauien erregimenarekin auzotasun oneko harremanak izateko, immigrazioaren kontrolari, merkataritzari eta «terrorismoaren aurkako politikei» dagokienez. Hortaz, gobernuburuak aitortu zuen Marokoren xantaiak bere helburua lortu duela, eta Marokoren eskakizunetara makurtu dela interes zikoitzengatik. Eta xantaiak funtzionatzen badu, ezerk ez du eragozten berriro errepikatzea. Bide horretan, potentzia deskolonizatzaile gisa dituen betebeharrei bizkarra emateaz gain, Afrikako beste herrialde batzuekin dituen harremanetan arrakala bat ireki du, eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak eta nazioarteko zuzenbidea zapalduz egin du. Estatu espainolari nazioartean osperen bat geratzen bazitzaion, alferrik galdu du itzulipurdi horrekin.

Sanchezen erabakiak Euskal Herritik ere badu irakurketa. Madrilek autodeterminazio-eskubidea deskolonizazio-prozesu batean ere errespetatzen ez badu, nekez onartuko du erabakitzeko eskubidea penintsulako herrientzat. Ez du ulertzen estatu bateratua ez den beste ezer.