GARA Euskal Herriko egunkaria
ALAVES

Salbaziorako mendiaren malda «txikitzeko» asmo tinkoz iritsi da Velazquez


Bigarren denboraldiz jarraian, sasoi bakar batean hiru entrenatzaile izango ditu Alavesek. Asteartean iragarri zuen klub babazorroak Julio Velazquez izango dela Mendilibarren ordezkoa. Zaldibarkoa Atletico Madrilen aurka galdu ostean kargugabetu zuten eta, azken sei urteotan, hamar entrenatzaile kargugabetu ditu jada Gasteizko klubak. Mendilibarren 12 jardunaldiko balantzea zazpi puntukoa izan da –garaipen bakarra– eta, atzo kirol zuzendari Sergio Fernandezek esan zuenez, «une egokian» iritsi da entrenatzailea aldatzeko erabakia; «erantzukizun ariketa bat» izan omen da.

Azken urteotan Alaveseko aulkia kudeatzeko moduari buruzko eztabaida alde batera utzita, Julio Velazquez guztiz konbentzituta dago salbazioa posible dela. «Sufritu egingo dugu, gogorra izango da, baina elkarrekin lortuko dugu», adierazi zuen atzo bere aurkezpen prentsaurrekoan. «Denok gara partaide eta, denok ekarpena egiten badugu, lortuko dugu», gehitu zuen. 

«Zorionez edo zoritxarrez, ez da horrelako egoera batean aurkitzen naizen lehen aldia», azaldu zuen prestatzaileak. Gaineratu zuenez, «ondo prestatutako eta konpromiso handiko aldagela bat» aurkitu du.

Sadarren egingo du Lehen Mailan debuta Salamancako entrenatzaileak eta partida hori prestatzeko denbora hain gutxi izateak gehiegi kezkatzen ez duela gaineratu zuen. Hitzaldi luze eta oso tekniko batean, emozioen garrantziaz mintzatu zen Velazquez, betiere, «joko eraginkorrarekin» uztartuta. Futbolariak gizakiak diren heinean, alderdi psikologikoan arreta jarri beharko dutela onartu zuen.

Azkenik, taldearen indarguneetan zentratuko dela aurreratu zuen entrenatzaileak, helburu garbi batekin: «Irabaztea, lehiatzea eta erasoan aukerak sortzea, unean uneko egoerara eta areriora moldatuta. Uneotan mendiak oso altua dirudi, baina edozein momentutan txikiagoa eman dezake».