08 ABR. 2022 AZKEN PUNTUA Garaiz kanpoko eguraldia? Iker Ibarluzea Meteorologoa Gaur zortzi, eguraldiak negu bete-beteko itxura hartu zigun eta elurra oso maila baxuetan agertu zen, batez ere, ekialdean, non elur-geruza ederrak pilatu ziren. Gasteiz edo Iruñea bezalako hiriburuak zuriz jantzi ziren. Ipar-isurian aldiz, ekaitzak eta txingorra izan ziren protagonista. Baina, apiril hasieran eguraldi hau izatea ohikoa al da? Erantzuna garbia da: bai. Oraindik atmosfera trantsizio momentu batean dago. Goi-latitudeetako airea oraindik oso hotz dago eta antizikloiak ez dira latitudez igotzen hasi. Gainera, neguan agertzen diren blokeoko antizikloiak desegiten hasiak dira, horrek depresioei gureganako bidea errazago uzten dielarik. Horrek oso aire masa hotzak guregana iristea errazten du, aurreko asteburuan gertatu zen bezala. Apirilean ohikoa izaten da elurteak izatea. Pandemiaren lehen egunetan, martxo amaieran elurra itsasertzeraino jaitsi zen, eta 2013ko apirilaren erdialdera ere elurra ikusi zen oso maila baxuetan. Esaera batek dioen bezala, «hasta el cuarenta de mayo no te quites el sayo». Eta oso ongi esana dago, maiatzean ere ezustekoak izaten dira eta. Badu horrek, ordea, bere alderdi txarra. Fruta arbolak loratzen hasiak dira eta uzta hainbat une emankorrenean daude. Tenperatura baxuek eta izotzak kalte handiak eragiten dizkiete. Espero kalteok txikiak izan izana eta gure produktuez oparo gozatu ahal izatea.