Andoni ARABAOLAZA
ALASKA

Hamalau urteko proiektu batekeskalada epiko bat eman du

Andres Marin-ek eta Clint Helander-ek lau espedizio behar izan dituzte Golgothako ekialdeko horma tentean bide berri bat irekitzeko.

Alaskako denboraldi berriarekin batera lehen berri esanguratsuak iritsi dira. Eta horien artean bada bat azpimarra berezia behar duena. Andres Marin eta eta Clint Helander dira protagonistak. Eta biek ala biek eskarmentu handia dute Alaskako urrutiko lekuetan dauden mendietan. Sinatu duten azken jarduera Revelation mendilerroan izan da; hain zuzen ere, Golgotha mendiaren (2.725 m) ekialdeko aurpegian. Horma tente horretan, martxoaren 23tik 25era, “The Shaft of the Abyss” bidea (V, AI5R, M5, 90°, A0, 1.200 m) sortzeko aukera izan zuten.

Alde guztietatik begiratuta, bi alpinista estatubatuar hauek goi mailako eskalada egin dute. Garaieran mendi txikia da, baina gainditu duten murruak zailtasun tekniko handiak ditu. Hori gutxi balitz bezala, eta, bitxia bada ere, hamalau urte behar izan dituzte proiektu hori biribildu ahal izateko. Hain zuzen ere, 2008. urtean Helander-ek pareta gogor horretan zirrikitu bat ikusi zuen. Ondo baino hobeto aztertu eta gero, Golgothako ekialdeko aurpegia xede bihurtu zuen. Hamalau urte horietan, denera, lau espedizio egin ditu sokakide ezberdinekin. Eta, azkeneko honetan, Marinekin arrakasta lortu du: «Bide berriari jarri diogun mailari baino, jarduerak izan duen kalitateari askoz ere garrantzi handiagoa ematen diogu».

Aurreratu behar dugu Helanderrek xede horri forma eman zionean, soilik amets handi bat zela. Alderdi horren inguruan oso informazio gutxi zegoen; izan ere, mendilerro horrek soilik bi talderen bisitak izan zituen aurretik.

2010. urtean, Seth Holden eta Helander ekialdeko horma horretara hurbildu ziren baina, halere, ez zuten ekinaldirik egin. Bi urte geroago, protagonista horrek Ben Trockirekin soka gerrira lotu zuen. Berriro murru horretara joan ziren, baina bi luze eskalatu ondoren erretiratu ziren. Aitzitik, hego-ekialdeko korridore batetik jarraitu eta Golgotharen lehen igoera sinatu zuten.

Marinekin, berriz, 2016an bat egin, eta amestutako bide hori bukatzera irten ziren. Gogoratu behar da ekialdeko aurpegira heltzea oso zaila dela. Horretarako, hegazkin txiki baten “laguntza” behar da. Gainera, glaziar ñimiño batean lur hartu behar da.

Espedizio horretan ere oso baldintza eskasak izan zituzten. Astebetez, muturreko hotza egin zien: -30° eta -5° arteko tenperaturak. Horren ondoren, haize hezea iritsi eta elurteak ekarri zituen. Elur-jausi arrisku handiarengatik espedizioa bertan behera utzi zuten. Ebakuatu zituzten arte, dendetan astebete egin zuten.

Hurrengo saioa Leon Davisekin egin zuten bi protagonistok. 2017an izan zen. Zazpi luze gainditu ostean, sokakide bati kranpoi bat hautsi zitzaion. Horren ondorioz, paretatik jaitsi ziren. Hurrengo urtean, Marin eta Helander itzuli ziren, baina hormak elur asko zuen eta ez zuten ekinaldirik egin.

Iragan martxoan, azken saioan, erabateko arrakasta izan dute. Aurreko bisitek emandako eskarmentuari esker, Revelation izeneko glaziarrean lur hartu, Golgothako ekialdeko aurpegitik gertu dagoen Misfit glaziarretik igaro eta kanpalekua antolatu zuten.

Ezustekoak

Martxoaren 23an, goiz irten ziren. Ageriko korridore batean sartu ziren. Ondoren, lau luze tekniko eskalatu zituzten. 2017. urtean aurkitutako kobazulo batean bibaka antolatu zuten; hots, beheko sekzioan gaua igarotzeko leku egoki bakarrean.

Biharamunean bidearen giltzaren aurrean jarri ziren. Daga itxurako izotzezko tarte bati ekin behar izan zioten. Marin sokaburu jarri zen, eta aurretik zituen 170 metroak oso eraginkor gainditu zituen. Tarte zail hori patrikan zutenez, bigarren bibaka bilatzen jardun zuten. Ez zuten zorte handirik izan; izan ere, soilik erlaitz estu eta arriskutsu bat aurkitu zuten. Denda altxatzeko komeriak izan zituzten. Zati bat amildegiari begira zegoen. Une jakin batean, gainera, Helanderrek irrist egin zuen eta oso gutxigatik ez zen amildu. Ezbehar horren ondorioz, dendaren oihala puskatu zen. Halere, protagonistok onartu dute gau erosoa igaro zutela.

Hirugarren eta azken eskalada egunean, asko eskatzen zuten bost luze igo zituzten. Sekzio hori gainditu ondoren, zailtasunak erabat arindu ziren, eta arazorik gabe heldu ziren tontorrera.

Helanderrek 14 urte lehenago amestutako proiektuak emaitza bikaina izan du: «Golgothako gailurrean une bereziak bizi izan nituen. Bisita eta ekinaldi ugari egin ditut, eta nahiko surrealista sentitu nintzen».

Lehen helburua lortu eta gero, bigarrena hasi behar zuten; hots, jaitsiera. Hasteko eta behin, hego-ekialdeko aurpegitik zazpi rappel egin zituzten. Arrokazko eta elurrezko tarte batzuk deseskalatu zituzten, eta, ondoren, korridore batean sartu ziren. Helanderrek eremu hori ondo ezagutzen zuen. Hain zuzen ere, Trockirekin 2012. urtean eginiko jardueran, Golgotha mendiaren lehen igoeran, korridore horretatik jaitsi zen.

Revelation glaziarrean ezarri zuten kanpalekura iritsi bezain laster, beste ezusteko batekin egin zuten topo. Haize erauntsi gogorrek denda guztiak txikitu zituzten: «Gaueko hamaiketan iritsi ginen, eta, atseden hartu ordez, glaziarrean sakabanatuta zegoen janaria, dendak eta tresneria bilatzen aritu ginen. Gaua hala nola igaro genuen. Zoritxarrez, haizeteek kanpaleku horretan astebetez egotera behartu gintuzten. Denbora horretan gure ‘etxea’ sendotzen jardun genuen. Haizeteak baretu zirenean, hegazkin txiki batek hartu gintuen. Onartu behar dut azken urteotan Revelation mendilerrora joatea, garestia izateaz gain, erronka handia izan dela. Andres eta biok pozarren gaude Golgothako ekialdeko horman sortu dugun bidean eginiko lanaren kalitatearekin. Uste dut salto kualitatibo garrantzitsua egin dugula; horrela iruditzen zaigu bioi. Zaila eta arriskutsua; eite horiek ditu. Halaber, mendiaren hirugarren igoera izan da, eta horrek erakusten du mendi horietan alpinista gutxi ausartzen direla».