GARA Euskal Herriko egunkaria
SURF

Lehen mailako itzulia abian da: Bells Beach-en dira lehiakideak

Aurten aldaketa nabarmenak izan dira WSL itzulian eta jada hiru txapelketa egin dituzte lehen mailako lehiakideek. CT eta WCT itzulikorankingak forma hartzen hasiak dira eta egunotan aldaketak izango dira, laugarren lehiaketa hasi baita Bells Beach urautsi mitikoan.


Lehen mailako mutilen CT itzulia eta nesken WCT itzulia indartsu hasi dira aurten. Jada hiru txapelketa egin dituzte. Lehena, Pipelinekoa, historikoa izan zen; bigarrena, Sunset Beachen, eta azkena Portugalen egin zuten, Supertubos hondartzan. Gauzak horrela, rankingean lehen urratsak egin dituzte lehiakideek eta datozen egunetan ere aldaketak izan daitezke, itzuliko laugarren txapelketa hasi berria baita Australian, Bells Beacheko eskuin olatu mitikoan.

Lehen mailako itzulia Australian da egunotan. Azken urteetan sasoi honetan hasten zen CT itzulia Australian eta hiru txapelketa egiten ziren bertan. Aurten, ordea, aldaketa nabarmenak izan dira WSL egutegian, eta Australiara iritsi aitzin jada hiru txapelketa egin dituzte CT itzuliko lehiakideek.

Gainera, Australiako bi txapelketa baino ez dira atxiki CT itzulian; Bells Beach eta Margaret River-eko txapelketa mitikoak, hain zuzen. Gold Coasteko txapelketa, ostera, Challenger Series itzulian atxiki dute; beraz, txapelketa garrantzitsua izaten jarraituko du, nahiz eta lehen mailakoa ez izan.

CT itzulia abian da

Azken hamarkadetan martxoan hasi izan da CT itzulia Australian, eta Hawaiin amaitzen zen abenduan; Pipelinen, mutilena eta Mauin, neskena. Aurten ordea, urtarrilean hasi zen lehen mailako itzulia, Hawaiin, eta txapelketa historikoa izan zen, gainera. Batetik, sekulako baldintzak izan zirelako, eta, bestetik, 50 urte bete zituen Kelly Slater surflari beteranoak irabazi zuelako.

Aldiz, belaunaldi berri baten esku hartzea ere nabarmen geratu da orain artean egin diren hiru lehiaketetan. Horrela, izen eta aurpegi berriak beren lekua egiten ari dira WSLko ranking orokorrean. Beteranoak gero eta gutxiago dira, eta, aldiz, lehen mailan estreinatu diren lehiakide berriak sekulako maila erakusten ari dira.

Aipatu bezala, CT itzuliko lehenengo txapelketa Kelly Slaterrek irabazi zuen eta erretiratu aurretik egin zezakeen azken balentria burutu zuen horrela, baina Floridakoak aurtengo denboraldia osorik egiteko asmoa du, oraindik emaitza on bat lor dezakeelakoan, eta ez dabil batere gaizki, egun bigarren postuan baitago lehen mailako rankingean.

Itzuliko bigarren txapelketa ere berrikuntza bat izan zen. Sunset Beacheko eskuin olatu marduletan lehiatu ziren surflariak eta ikuskizun ederra eskaini zuten. Aipagarria izan zen nesken parte hartzea, zeren Pipelinen bezala, Sunseten ere oso gutxitan egin dira nesken kategoriako txapelketak.

Pipelinen Moana Jones Wong hawaiiarrak eskuratu zuen txapela eta Sunseten, aldiz, Brisa Hennessy gailendu zen. Mutilen kategorian, berriz, Barron Mamiya hawaiiarrak lortu zuen lehen postua.

Hawaiiko txapelketen ostean Portugalen txanda izan zen. Normalean urrian egin ohi den Penicheko txapelketa lehen aldiz martxoan egin zuten baina, hala ere, olatu ederrak izan ziren. Tatiana Weston-Webb brasildarra eta Griffin Colapinto estatubatuarra izan ziren irabazleak Supertuboseko hondartzan egin zen txapelketan.

Gauzak horrela, rankingak forma hartzen hasiak dira. Nesken kategorian, Brisa Hennessy hasiberria dago lehen postuan. Horrela, Costa Ricako surflari batek lehen mailan inoiz lortu dituen emaitza onenak lortzen ari da Hennessy.

Nesken WCT rankingeko bigarren postuan, ostera, bost bider munduko txapelduna izan den Carissa Moore dago, eta hirugarren postuan, Lakey Peterson estatubatuar beteranoa.

Mutilen kategorian Kanoa Igarashi japoniarra da CT rankingeko buru; atzetik Kelly Slater dago eta hirugarren postuan, Barron Mamiya hawaiiarra.

Leku berriak

Aurtengo denboraldian ere iazko txapelketaren formatu bera errepikatuko da; hau da, hamar txapelketen ostean lehen bost postuetan diren lehiakideak irailean Trestlesen egingo den Final Handian lehiatuko dira. Aldiz, aurtengo itzulian leku berrietan lehiatuko dira lehen mailako surflariak.

Jeffreys Bay eta Teahupo mantentzen dira egutegian, baina bi berrikuntza ere izango dira. Lehena, maiatzean, hogeita lau urteren ostean Indonesiako G-Land ezker olatu ezagunean izango baitira berriro ere lehen mailako surflariak. Nesken kasuan, gainera, G-Land olatuan lehiatzen diren lehendabiziko aldia izango da.

Beste txapelketa berria ekainean izango da, itzuliko bederatzigarrena. Lehen aldiz lehen mailako txapelketa bat egingo dute El Salvadorren.

Aitzitik, orain artean CT zirkuituan ziren Gold Coasteko eta Hossegorreko txapelketak Challenger Series mailakoak izango dira aurrerantzean.