GARA
JERUSALEm

Istilu gehiago Zisjordanian eta beste palestinar bat eraila Israelen

Istiluak berriro piztu ziren atzo Zisjordaniako iparraldean, laugarren egunez jarraian Armada israeldarra Jeninen sartu ondoren. Militarek benetako balekin tiro egin zuten palestinarren kontra, eta negar gasak ere erabili zituzten. Egoera lasaitu zenean, Jeningo errefuxiatu kanpamentuaren sarreran gurpilekin eraikitako barrikadak egin zituzten palestinarrek, israeldarrei bertan sartzea galarazteko. Indar israeldarrek 20 pertsona atxilotu zituzten guztira.

Operazio militarrokin erantzun die Israelek martxoaren 22tik izandako lau erasoei. Horietako bi Estatu Islamikoarekin zerikusia zuten arabiar israeldarrek egin zituzten eta beste biak Jeningo palestinarrek. Guztira 14 pertsona hil ziren lau erasootan. Bien bitartean, epe berean 15 palestinar hil dituzte indar israeldarrek. Azkena atzo goizean bertan, Israelgo Axkelon hirian; Hebrongo palestinar bat da hildakoa, eta, Israelgo Poliziaren arabera, kide bat sastakatzen saiatu zenean egin zion tiro agente batek.

Palestinako Aginte Nazionalak Israeli leporatu dio indarkeriaren gorakada. Eta indar israeldarrek egunero egiten dituzten operazio militarrak, atxiloketak eta hilketak gogor salatu ditu.