GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Ezkerrez pilotarik gozatu gabe esan du agur Irribarriak

Partida txukuna egitea, batez ere sakearekin asmatuta, nahikoa izan zuen Erik Jakak final-laurdenetako ligaxka osatzeko. Aramarra ezzen bere aurkaria frontisetik urruntzeko gai izan eta erraztasun handiak eman zizkion lizartzarrari txapeldunen arteko deman


JAKA 22

IRRIBARRIA 15


Beti esan izan da buruz burukoa dela pilotariari gehien eman eta gehien kentzen dion modalitatea, eta garaipenik handienak eman dizkion joko moldea amesgaizto bilakatu zaio Iker Irribarriari azkenaldian. 2019an Mikel Urrutikoetxearen aurka bere bigarren txapela jantzi zuenetik partidarik irabazi ezinda jarraitzen du goierritarrak. 2020an Dariok lehen partidan kanporatu zuen Irunen; iaz belauneko lesioagatik ezin izan zuen parte hartu, eta aurten ezkerrez botera pilota bakarra gozatu gabe agurtu du txapelketa, txapeldunen arteko deman, Erik Jakaren aurka 22-15 galduta. Lizartzarrarentzat ere 2020 txapela jantzi zuenetik lehen partida izan zen atzokoa –iaz ezin izan zuen garaikurra defendatu bihotzeko arazoengatik– eta, orduko mailarik eman ez bazuen ere, txapeldun izan zen pilotari haren bertsio ezaguterrazagoa ikusi genuen eta merezimendu osoz lortu zuen final-laurdenetako ligaxkarako txartela.

Eta hori, tentsio handia eta galtzeko gehiago zuen partida ezin okerrago hasi zuela Baikokoak, lehen sakean falta eginda. Hala ere, lehen pilotakada hori izan zuen lizartzarrak atzoko partidan bere armarik eraginkorrena. Pilotari abiadura eman eta sakeak asko aldatuz, zabalera ere saiatuz, denera sei tanto egin zizkion goierritarrari eta tantoaren ekimena ere berea izan zuen sakea bere esku izan zuen bakoitzean. Kontrara, errestoan ere, alde batera eta bestera mugituta, Irribarria ere urduritzea lortu zuen, hiru falta ere eginarazi baitzizkion.

Baina, ezbairik gabe, Irribarriaren zulorik handiena, berez, bere dohainik onena behar lukeen lekutik ireki zitzaion, bere kolpetik, alegia. Boleaz eta sotamanoz hainbestean aritu bazen ere, ezkerrez botera ez zuen pilota bakarra gozatu partida osoan, ez zen pilotakada bakarrari altuera emateko gai izan eta, aurkaria frontisetik urruntzeko gaitasunik gabe, gauzak asko erraztu zizkion lizartzarrari. Azkenerako hiru tanto baino ez genizkion apuntatu Baikokoari airez, baina jokoa aurreko koadroetan erabakitzen bada, gutxi dira 2020ko txapelduna baino arriskutsuagoak.

Tako gehitxo

Partida amaitu eta berehala onartu zuen Iker Irribarriak Binakakoa eskuetatik justu samar amaitu ostean eta apenas entrenatzeko denborarik gabe, ohikoa baino tako gehixeagorekin eta, batez ere, zalantza askoz handiagoekin kantxaratu zela atzo, eta, bere jokoan giltzarri den zuloak irekitzeko gaitasun hori gabe, kantxan erabat galduta aurkitu zen partida osoan zehar.

Gainera, partida hasterako, eta hasierako opari hori kontuan izanda, 7-1 aurreratu zitzaion Erik Jaka eta bere burua markagailuan horren atzetik ikusteak are gehiago lotu zuen bere mailarik eman ezinda aritu zen aramarra. Beste munduko partidarik jokatu behar izanik gabe, baina bere jokoan funtsezkoa den sakearekin asmatuz eta gauzak txukun eginda (galdutako hiru pilota baino ez genizkion zenbatu) Erik Jakak arazo handirik gabe kudeatu ahal izan zuen partida hasieran hartutako alde hori.

Lizartzarrak, gainera, eskertuko du partida oso piloteatua ez izana, ostiral honetan bertan jokatu beharko baitu final-laurdenak irekiko dituen Beñat Rezustaren aurkako partida Bergarako Udal Pilotalekuan.