Maika Imedio Granullaque
GAURKOA

Patxi Alonsori gutun irekia

Patxi Alonso Lopez agurgarria, (Patxi Alonso “El Conquistador del Caribe” telebista-programaren ekoizle exekutiboa eta Hostoil Produkzioak enpresako zuzendari nagusia da (telebista-programa hori egiten duen enpresakoa)).

“El Conquistador del Fin del Mundo” programaren 7. edizioko finalean Julian Iantzik esan zuen «bost hilabeteko abentura» zela, baina aurreko atala 33. eta 34. egunetan izan zen, pantailan agertutako errotuluen arabera.

Batzuetan “El Conquis”-ek mota horretako faltsukeriak sortzen ditu, eta, era berean, programan esaten da arinkeria dela “El Conquis” mobbing-aren aurka erabiltzea, joan den asteazkenean, apirilaren 13an, hitz hori esan gabe “El debate del Conquis”-en esan zenuenez. Hala ere, aurtengo edizioaren 13. atalean pertsona eta hedabide batzuek ustezko mobbing, bullying, jazarpen edo abusuzko zanpatze bat antzeman zuten. Arantxa Iparragirre eta Yocahu Taldeko hainbat kide izan ziren protagonistak.

Zergatik zigortzen duzue metxeroak edo janaria eramatea eta ez duzue zigortzen talde baten barruan pertsona bat aldi berean eta abusuz birrintzea? Lehenengo ekintza bigarrena baino larriagoa da? Zuen erabakiak mezu hori helarazten du.

Zergatik erakutsi zenituzten hainbat pertsona aldi berean bakar bati erasotzen berau suntsitzeko?

Ikus-entzuleek hori egiten ikas dezaten nahi duzue?

Ikus-entzuleek horrelako zerbaitekin gozatzea nahi duzue?

Edo ikus-entzuleek joko bat galtzen denean hori egitea normala dela pentsatzea nahi duzue?

Zergatik ez zenuten eragotzi edo moztu indarkeriazko ekintza hori?

Zure kazetaritza-ikasketetan informatzeaz, hezteaz (formación) eta entretenitzeaz hitz egiten zizuten, aurreko asteazkenean azaldu zenigunez. Informazioa emateari utzi zeniola eta orain entretenimendua egiten duzula esan zenigun. Zergatik ez duzu esan zu ere hezten zabiltzala? Ez al duzu uste haur talde bat jolasten eta entretenitzen den aldi berean hezten dela? Negozio-telebistak arrazoi ekonomikoengatik edo bestelakoengatik atzera bota arren, entretenitzeak heztea (formar y educar) dakar berekin. “El Conquis” erreferente bat da Euskal Herriko eta beste toki batzuetako haurrentzat, neskentzat, mutilentzat eta gazteentzat, haiek ikusten dutelako eta abenturan bidaltzen dira balioak ikasten dituztelako. Entretenimendua eta heziketa (formación-educación) eskutik doaz; horri buruz ez zenuen ezer esan.

David Secok nahi gabe zure diskurtsoa eten zuen. Horrek zugan telebistan ikusi genuen erreakzioa eragin zuen. Hitz egin ondoren, Binbiri zure hitzak zer iruditzen zitzaizkion jakin nahi izan zenuen. Berari, programan lan egiten duenari, galdetzeak erakusten al du zer kritika egiteko prest zauden?

Artikulu hau irakurtzea gomendatzen dizut: “Masterchef': ‘Nos piden que les apretemos hasta romperles’’”. Zure lankideek, kazetariek, Alfredo Pascual eta Carlos Prietok, idatzi dute. Espazio kontuagatik, honakoa baino ez dut transkribatuko, euskarara itzulita:

«Lehiaketaren garapenak ez du gidoirik, baina gidoilariek eta ekoizleek tresnak dituzte gertaerak gidatzeko, beti telebistako ikuskizunari mesede egiten dioten bideetatik».

«Ondoren, oinarrizko arauak baino ez dira aplikatu behar (…): aurkezpena-klimaxa-amaiera (…) eta, jakina, gatazka (…) Elkarri aurka egiteko aukeratutako bi pertsonaiak azkenean elkarri aurka egingo diote».

Horregatik, Andrea Azkue Arantxarekin jarri zenuten: Yocahuekin izandako egoera gatazka larria izan zen. Horrek ikusleria sortzen du eta fidelizatzen du. Hala ere, denak ez du balio ikusle gehiago lortzeko; batez ere, ikusleria horren zati bat heziketa-adinean dagoenean; joan den asteazkenean Yocahu taldeko kide batzuen portaera baimentzeak eta erakusteak agian entretenitu egingo du, baina gaizki hezten du. “El Conquis”-ek gaizki heztea nahi duzu?

Programaren mesedetan, Arantxa boxeoko eskularruekin grabatu zenuten, airera ukabilkadak ematen. Horrela, beraren eta indarkeriaren biktima baten arteko asoziazio mentala ezabatu nahi duzue; (kasu honetan, indarkeria hitzezkoa eta psikologikoa da).

Orain arte zero autokritika aukeratu baduzu ere, erantzukizunetik salbuesteko, Julian Iantzik eskatzen dizkien jarrera eta balioak zuk zeuk hartzera gonbidatzen zaitut: ausarta izatea, gorputz eta arima benetan ematea, eta une batez sufritzea geroko sariaz gehiago gozatzeko.

Pertsona ona zara, ziur. Egin autokritika, beraz. Onar ezazu: “El Conquis”-ek entretenitu eta, aldi berean, hezi egiten du. Ausar zaitez eztabaidatzera ea ustezko mobbing-bullying egoerak eragotzi behar zenituzten, eta ea Arantxaren eta Yocahu taldearen zati baten arteko ahozko indarkeria eragotzi behar zenuten, nahiz eta hori telebistako ikuskizun handia izan. Lehengo asteazkenean esan zenuen bezala, bizitza berdintasunaren alde, mobbingik ez izatearen alde eta abarren alde ematen baduzu, ez da beharrezkoa izango hitzekin esatea; zure erabakiek eta ekintzek hori frogatzea nahikoa izango da.

Eskerrik asko.