Ainara RODRIGUEZ
DONOSTIA
Entrevista
NEKANE TXAPARTEGI
IHESLARIA, SUITZATIK ITZULI BERRI

«Torturaren zauriak ezin dira itxi aitorpenik ez badago»

Ia hamabost urte eman ditu Euskal Herritik kanpo iheslari; Suitzan, alabarekin batera. Asteasura, bere herrira, bueltatu berri da orain bi aste, oraindik epaiketa bat egiteko duela. Ihesaldiaz, espetxeez –Espainiakoez zein Suitzakoez– eta torturaz beste, geroaren eta memoriaren inguruan ere mintzatu da Nekane Txapartegi NAIZ Irratian.

Ia hamabost urte Euskal Herritik kanpo eman ostean, iheslari politiko gisa, Asteasun da berriz Nekane Txapartegi, espainiar jazarpenaren arrisku handienak gaindituta, nahiz eta oraindik agiri bat faltsutu izanaren akusazioagatik epaiketa bati egin behar dion aurre. «Ez nator nahi bezala, baina are gutxiago eurek nahi zuten moduan, eskuak lotuta», adierazi zuen NAIZ Irratiko “Etxerako kunda” saioan, Madrildik etxera zetorren egunean. Atzo, patxada handiagorekin mintzatzeko aukera izan zuen “Harian” saioan, Kursaal pareko irratiaren estudioetan.

Itzuli zara, baina espero edo nahi moduan?

Ez. Nire baitan, askok bezala, konponbide politiko eta kolektibo baten ondorioz egun batean denok aske bueltatuko ginela uste nuen. Ez da horrela izan, Auzitegi Nazionaletik pasatuta izan da. Baina are gutxiago izan da Estatu espainolak nahi zuen bezala, atxilotuta. Horrekin gelditzen naiz. Harro nago.

Badira hamabost bat egun Euskal Herrian zarela. Azken hamabost urteotan asko aldatuko zen. Nola topatu duzu?

Asko eraiki da, errepideak eta abar; ezagutzea kostatu zait. Herria ere pixka bat handitu da. Baina jendearen bihotzak lehen bezala topatu ditut, irekiak. Beste gauza batzuk aldatuta ikusi ditut: aldarrikapen politikorik eza, esango nuke. Zer pentsa ematen dit horrek. Aldarrikapen horiek leku pribatura eraman direla ikusi dut, eta kezka sortzen dit alde bakarreko kontakizuna ezarri nahi den une honetan. Ez dakit nola egin dezakegun memoria isiltasunetik.

Aldatu ez diren gauza batzuk badira. Euskararen aldeko borrokak erakustaldia eman du, 22. Korrika honetan. Lekukoa eramatea egokitu zaizu...

Bai, oso berezia izan da. 1999. urtean atxilotu aurretik, banenbilen Korrikaren antolaketan. Herri mugimendu horren parte izatea oso polita izan da. “Free Nekane” taldeko lagunak ere hemen egon dira, gainera; oso polita eta betegarria izan da.

ETAko kide izatearen akusazioa kendu dizute. Zama handi bat kenduko zenuen...

Denontzako kentzea nahiko nuke. Konponbide baten aukera etorri zait niri. Lasaitasuna ematen du, baina badakit kontestu politikoen arabera jazarpen politikoa aktibatu dezaketela nahi dutenean. Epaiketa udazkenean izango da, delitu arinak zigortzen dituen areto batean epaituko naute. Baina arriskua hor dago.

Zigor arina etor daiteke hor. Zer espero duzu epaiketatik?

Ez dago ezer, horregatik ere etorri naiz. Betikoa da, konstrukzio bat, oso ohikoa den bezala; ni ere 18/98 auzian zigortu ninduten, epaiketa politiko batean, nire aurka egindako deklarazio batengatik. Oraingoan ere ez dago frogarik, baina gu kartzelatzeko frogarik ez dute behar. Gure irakurketa hau da: azken urteotan Suitzan egin dugun borrokaren ondorioz, ikasi dute ez dutela berdina egin nahi frogarik gabe. Azkenean, Suitzak eskatu du zein froga dauden nire aurka eta honetan gelditu da dena, atxilotzeko momentuan bi karnet faltsu neuzkala. Kondena hortik etorriko da. Ez da faltsutzearen akusazioa, baizik eta bi karnet horiek gainean neramatzala, niretzako eta nire alabarentzako. Gehienez sei hilabeteko kartzela zigorra ekar dezake, eta isun batean amai daiteke auzia. Esandakoa errespetatuko dutela pentsatzen dut.

Zer da Suitza zuretzat?

Borrokarako lekua. Ia nire bizitzaren herena bertan eman dut, baina borrokatzeko lekua izan den neurrian motzagoa edo eramangarriagoa egin zait. Borrokatzeko lekua nire etxea baita.

Alaba ondoan izan duzu. Amatasuna ihesean bizitzea tokatu zaizu. Nola bizitzen da hori?

Polita eta gogorra, dena batera. Ihesa zer den denok dakigu: joana tokatzen zaizu, baina ez dakizu etorria noiz izango den. Ume batekin, beti behar batzuk asetzeko daude. Nire alaba motxila horrekin jaio da; ihesarena, jazarpen politikoarena. Hori nola egin arinago? Hori izan da egunerokoa, bizirautea, nire beharrak eta bereak asetzeko. Ondo egin dugula uste dut. Zein babes daukagun ikusten dugu orain eta ondo sentitzen gara, bai han eta bai hemen.

2016. urtean atxilotu egin zintuzten Suitzan. Herrialde batean eta bestean, Espainian eta Suitzan, espetxeak ezberdintasunik ba al du?

Bai. Ihesa ere espetxea da, harresirik gabeko espetxea. Asko ez dugu aipatu, baina 2014tik 2016ra atxilotze hori egunero izan zitekeela ikusten nuen, 2014an Polizia espainolak Suitzan ilegalki jarraitu ninduelako. 2016an eman zen atxiloketa. Atxiloketaren momentuan torturaren zauria irekitzen da berriz. Bigarren atxiloketan ama nintzen dagoeneko eta hori zen nire kezka, zer gertatuko zen alabarekin. Eta berriro min gehien nuen tokian egin zidaten eraso. Nire gorputza biluztu eta erregistratu nahi zuten komisarian. Uko egin nion, torturatua izan nintzela esanez. Eta orduan esan zidaten hori egiten ez banuen alaba umezurtzen etxe batera eramango zutela. Orduan torturaren zauria erabat irekita sartu nintzen espetxera, eta ezjakintasunean.

Espetxea eremu patriarkala zela topatu nuen. Aurretik izandako zapalkuntza, ama izatearekin eta migrante izatearekin areagotzen zen. Pilatutako biolentzia horien salaketa egiteari ekin nion. Ez da berdina bertan gizon edo emakume izatea. Horretan Suitza oso atzean dago, ez ditu nazioarteko estandarrak betetzen. Lehen graduan sartu ninduten espetxean, zortzi metroko ziega ilun batean, ur berorik gabe, komuna itxi gabe, astean bi dutxa bakarrik, patio ordu bat, guztiz isolatuta... Eta Suitzako espetxeetan isolamendutik ateratzeko aukera bakarra lan egitea da, eta lan horietarako ematen diren aukerak emakume otzana izan eta patriarkatuaren rola betetzetik datoz. Hori salatzeko zein aukera nuen? Ahotsa eta arkatza.

Torturaren zauriak itxiko dira egunen batean?

Torturaren zauriak ezin dira itxi aitorpenik ez badago. Torturatu gintuen makineria hori guztia berriro egiteko prest badago, gainera, zaila iruditzen zait. Nire zauri pertsonalak ez, kolektiboak itxi nahi baditugu, aldarrikapenetik egin behar dugu.

Torturaren auzian Lakuako Gobernuak edota Nafarroakoak emandako urratsak bide onetik doaz? Gehiago sakondu beharra dago?

Estatu terrorismoaren biktima bezala nire izena eman dut nik ere, baina nire galdera da, eta gero zer? Zertarako balio du aitortza horrek, paper horrek? Jakin nahiko nukeena da euskal legebiltzarra gurekin joango den nazioartean salaketa horiek bideratzera, izan ere, Estatu espainolean torturak preskribatu egiten dira, baina nazioarteko legedian ez. Nire kasuan, 1999an izan ziren torturak, eta Estatu espainiarrean preskribatuta daude. Bidea moztu zait salaketa horrekin aurrera egiteko. Beraz, niretzako ez da nahikoa. Guk, biolentzia anizkoitza jasan dugunok, subjektu bezala zeresan handia daukagu memoria kolektibo horretan, eta nire borroka eta indarrak hortik bideratu nahi nituzke.

Bizitzea egokitu zaizkizun egoera ezberdinak ikusita, elkartasuna sentitu duzu Suitzan?

Bai, beti. Borrokaren alde politena elkartasuna izan da. Barrutik kanpora eta kanpotik barrura, elkartasun hori lotzen jakin izan dugu. Irratia izan da oso tresna garrantzitsua niretzako, kaleko elkartasunaren lokarriak barrura sartzeko. Gaur ere irrati batean lan egiten dut.

Etapa luze bat utzi duzu atzean. Nola begiratzen diozu etorkizunari? Zein asmo dituzu?

Ez dut bide berdina egin nahi. Ihesak dena moztu beharra esan nahi du. Nire alaba euskalduna dela esaten dut, baina han sozializatu da, han hazi da. Hori dena kontuan harturik, irekita utzi nahi dut etorkizuna. Orain erabakitzeko aukera dugu. Ondo itxi nahi dut prozesua, lasaitasunez. Ikusiko dugu.

Zerbait esateko gogoa geratu zaizu?

Pare bat aldiz aipatu dut: alde bakarreko kontakizuna ezarri nahi duten une honetan memoria aldarrikapenetik egin behar dugu. Isiltasunetik ez dugu gerorik eraikiko, ez eta osatze kolektiborik egingo ere. Batez ere emakumeok jasandako biolentziaren kasuan. Memoria kolektibo feministaren utopiarekin lanean jarraitu nahi dut.