Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Lau euskal surflari CS itzulirako hautatuak

Nadia Erostarbe eta Adur Amatrian zarauztarrek, Pauline Ado hendaiarrak eta Garazi Sanchez-Ortun algortarrak Challenger Series itzulian parte hartzeko plaza irabazi dute. CS itzuliko lehen bi txapelketak maiatzean egingo dira Australian eta lau surflariak lehen mailara igo ahal izateko lehiatuko dira.

Euskal Herriko lau surflarik lehen mailara (CT) igo ahal izateko ezinbestekoa den proba gainditzea lortu dute; hau da, Challenger Series itzulian parte hartzeko hautatuak izatea. Europako QS rankingean eskuratutako emaitzei esker igo dira CS mailara eta aurrerantzean lehen mailara igotzeko lehiatuko dira munduko beste herrialdeetan hautatuak izan diren gainontzeko surflariekin.

Nesken kategorian Europako QS rankingeko lehen zazpi surflariak izan dira hautatuak eta horien artean dira Nadia Erostarbe zarauztarra, Garazi Sanchez-Ortun algortarra eta Pauline Ado hendaiarra. Mutilen kasuan, hautatuak izan diren bederatzi surflarien artean da Adur Amatriain zarauztarra.

Challenger Series itzulian parte hartzeko plaza bat irabazi duten lehiakideez gain, gonbidapen wildcard bat ere jasoko dute Europako zirkuituan parte hartu duten neska batek eta mutil batek. Nesken gonbidapen wildcarda Vahine Fierro tahitiarrari (Tahiti, Frantziarenkolonia den heinean, Europako herrialde gisa hartzen da) eman diote, baina mutilen kategorian oraindik ez du esan WSL erakundeak gonbidapen wildcarda nori emango dion.

Gauzak honela, maiatzean Australian hasiko den Challenger Series itzulian parte hartzeko prest dira euskal surflariak. Guztira, 96 mutil eta 64 neska arituko dira lehian lehen mailara igotzeko eta denboraldia amaitzean mutilen CS rankingeko lehen hamar lehiakideek eta nesken rankingeko bost lehenek eskuratuko dute datorren urtean CT itzulian lehiatzeko plaza.

Inflexio puntua

Aurtengo WSL denboraldia inflexio puntu batera iritsi da; izan ere, egun indarrean den lehiaketa eredu berriarekin lehiaketa sasoia bitan banatzen da eta lehen zatia amaitu da. Alde batetik, CT eta WCT itzulietako rankingean lehen kaleraketak izan dira eta, bestalde, CS rankingean izango diren lehiakideen zerrenda osatu da.

Lehen mailan, WCT eta CT rankingetako lehen hamar neskek eta 22 mutilek jarraituko dute lehiatzen. Hortik kanpo geratu diren lehiakideek, ostera, Challenger Series itzulian lehiatu beharko dute datorren urtean berriz ere lehen mailara igo ahal izateko.

Maiatzaren 7an hasiko da CS itzulia Australian, Gold Coasteko eskuin olatu bikainekin eta abenduan amaituko da Hawaiin. Zortzi txapelketa izango dira eta lehiakideek lortutako bost emaitza onenak hartuko dira kontuan rankinga osatzeko. Amaieran, lehen hamar mutilak eta bost neskak izango dira hautatuak hurrengo urtean lehen mailan aritzeko.

Ondorioz, Challenger itzulian CT mailan ziren lehiakideak ere izango dira, baita oraindik kaleratuak izan ez diren CT-ko lehiakideak ere, behartuak baitira gutxienez CS mailako txapelketa batean parte hartzera.

Europa, Hego Amerika, Ipar Amerika, Hawaii, Asia, Afrika eta Australiako QS rankingetan sailkatuak izan diren 96 mutil eta 64 neska arituko dira lehian CS itzulian eta, esan bezala, Euskal Herriko lau surflari izango dira haien artean.

Emaitzak

Europako lehiakideen kasuan hiru emaitza hartu dira kontuan CS itzulirako sailkatuak izateko; aurten egin diren QS mailako hiru txapelketetan lortutako bi emaitza onenak gehi iazko emaitza onena.

Nadia Erostarbek bigarren postua lortu zuen martxoan Israelen egindako txapelketan eta bederatzigarren postua Caparican (Portugal) apirila hasieran egin zen txapelketan. Iazko emaitza onena Azore uharteetan eskuratu zuen: bosgarren. Hiru emaitza horiei esker Europako QS rankingean laugarren postuan da.

Pauline Adok aurten ez du emaitza nabarmenik izan, baina iaz Azore irletan lortutako bigarren postuari esker bosgarren postuan da QS rankingean.

Garazi Sanchez-Ortun, ordea, indartsu hasi da aurten: Israelen bosgarren postua eskuratu zuen eta Caparican bederatzigarren postuan geratu zen. Horrez gain, iaz Azoreetan lortu zuen bosgarren postuarekin, egun seigarren postuan da Europako QS rankignean.

Adur Amatriain hirugarren geratu zen Israelen. Berriki Portugalgo Santa Cruz hondartzan egindako txapelketan, berriz, bosgarren postua eskuratu zuen. Eta iaz bederatzigarren geratu zen Azore uharteetan. Ondorioz, egun bosgarren postuan da Europako rankingean.

Euskal surflariak sasoi betean dira eta munduko surflari onenekin lehian ikusiko ditugu datozen hilabeteetan. Jada urrats garrantzitsua eman dute.