GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Bera Beraren «esentzia» berreskuratzeko gogoz


«Ni Bera Berara iritsi nintzenean, Kopako taldea zela esaten zen (sei garaikur ditu), ondo aritzen zela txapelketa honetan, baina azken bi urteetan ez dugu hori erakutsi. Esentzia hori berreskuratzeko gogoz gaude», adierazi zuen atzo Esther Arrojeriak. Atzerako kontaketa hasi da jada: lau egun barru, Donostiako Illunben eskubaloia arnastuko da, «goi-mailako eskubaloia», Alba Menendezek zehaztu duen legez. 

Zarauztarrak adierazi du gaur arte, Koparako prestaturiko «elastiko berezi hau» jantzi duen arte, ez zela guztiz kontziente data iristear zegoela. «Apenas lau egun falta dira. Ilusio handiko egunak izango dira. Oso kontzentratuta egon behar gara baina, era berean, bideaz ere disfrutatu egin behar dugu». Menendezen 12. Kopa txapelketa izango da datorrena eta ez du zalantzarik egin «bereziena» izango dela, «irabazi ditugun Kopei meriturik kendu gabe». «Horrelako partidak beti etxetik kanpo jokatzera ohituta gaude eta etxean jokatzea izugarria izango da», zehaztu zuen. «Horrelako txapelketa garrantzitsua gure zaleen aurrean jokatzea pribilegioa da», esan zuen Arrojeriak. Dagoeneko 2.000 bonu saldu dira (hiru egunetako partida guztietara joateko sarrerak) eta azken astean jarri dituzte salgai sarrera indibidualak.

Inoizko parekatuena

Menendez zein Arrojeria bat etorri dira Kopan, partida batera, edozer gerta daitekeela. Hala, Ligan ondo ibiltzeak ez du zertan esan nahi Kopan ere halaxe moldatuko direnik eta horren adibide hurbila dauka Super Amara Bera Berak. Azken bi urteetan ez da finalera iritsi eta etxean jokatzeak presio apur bat gehiago izan dezakeen arren, «gauza positibo gehiago dauzka negatiboak baino».

Aula Valladolid izango da final-laurdenetako aurkaria eta, Ligan aise menderatu badute ere, «azken urteetan buruko min dezente eman digun aurkaria» dela gogorarazi du Arrojeriak.

«Inoizko Koparik parekatuena» delakoan dago Menendez. Zortzi taldeetatik bostek badakite zer den Kopa irabaztea eta Aula, sekula irabazi ez duen arren, azken hiru urteetan bi finalera iritsi dela ohartarazi du kapitainak (iaz eta 2019an).