GARA
bilbo

Ospitalean artatu behar izan dute LABeko ordezkari bat, Ertzaintzak kolpatu ondoren

LAB sindikatuko Bilbo Eskuinaldeko Industria arduradun Aritz Azkona ospitalean artatu behar izan dute, Ertzaintzak Berangoko Alconza enpresaren inguruan atxiki eta zauritu ondoren.

Ertzaintzak Aritz Azkona Dominguez LAB sindikatuko Bilbo Eskuinaldeko Industria arduraduna kolpatu eta atxiki zuen atzo goizean. «Irizar Group taldeko Berangoko Alconza enpresan greban dauden langileekin batera elkarretaratze batean parte hartzea besterik ez du egin», adierazi zuen sindikatuak jakinarazpen batean, gertatutakoaren berri izan ostean.

Azken hiru egunetako Ertzaintzaren hirugarren karga izan zen atzo goizekoa. Sindikatuak salatu zuenez, ospitalera joan behar izan zuen Azkonak. «Ertzaintzak hainbat kolpe eman dizkio eta atxiki egin du, eta, gero aske utzi badute ere, mehatxatu egin dute salatu egingo dutela eta bere aurkako bide judiziala irekiko dutela esanez. Zorionez, ikusi diren irudiek argi erakusten dute erasotzaile bakarrak ertzainak izan direla, eta norbait epaitu behar bada haiek izan beharko luketela», azaldu zuen LABek.

«Ez da kasualitatea»

Alconzako langileek 50 lanegun bete dituzte dagoeneko greban, eta enpresako zuzendaritzak berriro ekin nahi izan dio produkzioari asteon. Ez du lortu, oraingoz. «Astelehenetik aurrera Ertzaintzak jarrera oldarkor eta bortitza izan du grebalarien eta elkartasuna adieraztera joan diren herritarren aurka», azpimarratu zuen LABek.

EAEko Poliziaren jarrera «ez da kasualitatea», ohartarazi zuen sindikatu abertzaleak oharrean: «Eusko Jaurlaritza konturatu da lan gatazketan ez dela nahikoa patronalaren alde jartzearekin. Izan ere, Tubacex edo PCB bezalako lan gatazketan, kaleratzeak publikoki babestu badituzte ere, langileek ez dute etsi eta borrokan jarraitu dute. Beraz, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Polizia langileen aurka erabiltzea lan gatazketan».

Era berean, uste dute «LAB sindikatuko kideen aurkako isun, mehatxu eta jipoiek» lan gatazketan «oinarrizko eskubideen urraketa» dakartela. «Gure sindikalismoa konfrontaziokoa da, eta erakutsi dugu lehen lerroan egon garela eta egongo garela langileen lan eta bizi baldintzen defentsan; patronala eta Eusko Jaurlaritza horren beldur dira», agertu zuen LABek.

Azkenik, sindikatu abertzaleak «erasoa ikertzea» eta Azkonaren aurkako bide judizialik ez irekitzea galdegin zuen.