GARA Euskal Herriko egunkaria
ESKUBALOIA

Miriam Semperek ilundu zuen Bera Beraren arratsaldea

Donostiarrek ezin izan zuten Kopako finalerako txartela lortu, aurrean oso estu hartu zituen Atletico Guardes izan zutelako. Bigarren zatian, Sempere atezainak erakustaldia eman eta etxekoen itxaropen oro zapuztu zuen. Galiziarrek lehendabiziko finala jokatuko dute.


BERA BERA 20

ATL. GUARDES 24


Kale edo bale; halakoxea da Kopa. Eta bideak behin eta berriz erakusten dizunean ezetz, ezinezkoa dela, saiatuta ere bidea oztopatzen dizutela, ez dago kasik zer egin. Tira, itxaropenari bukaerara arte eutsi, harmailetako giroa bero-bero jarri eta borrokatu. Bera Berak hori guztia egin zuen baina, zoritxarrez, hain erabakigarria izan zen bigarren zatian espero gabeko protagonista batekin egin zuen topo: Miriam Sempere, atezain ordezkoa; Marisol Carraturen ordez 7 metroko bat gelditzeko asmoz kantxaratu eta gelditu ostean, kantxan geratu zena eta etxekoen saiakera oro ezerezean utzi zuena. Hala, Bera Bera, hirugarren edizioz jarraian, Kopako finaletik at geratu da, duela gutxira arte bere txapelketarik preziatuena zenean. 

Etxean, 2.849 zaleren aurrean, jokatu eta galdu ostean, negar malko bat baino gehiago erori zitzaien gipuzkoarrei. Penatuta agertu ziren, normala den bezala, baina atzo Atletico Guardes gehiago izan zen.

Defentsan zalantzekin hasi ziren eta erasoan ere, deseroso. Nolanahi ere, lehendabiziko zatia erabat parekatua izan zen. Soilik sentsazioak ziren ezberdinagoak; hobeto zirudien Pradesen taldeak, Pessoa, Lima eta Arcos atean oso dinamiko zeudelako eta asmatzen zutelako. Portugaldarrak, orotara, 8 gol sartu zituen; Bera Berako golegile nagusia Mariane Fernandes izan zen bost golekin. Aipatu hiru jokalari galiziarrek kasik etxeko taldeak baino gol gehiago egin zituzten (18).

Alice Fernandesen lana ere txalogarria izan zen, batez ere lehen zatian. Aalla ere atera zen 7 metroko bat geratzeko, baina benetan nabarmentzea merezi duen atezaina Miriam Sempere da. Era guztietako jaurtiketak desbideratu zituen, harmailetan zeudenak –etxekoak eta galiziarrak– zutik jartzeraino. Bera Beraren arratsaldea ilundu zuen.

Bera Beraren deserosotasuna, agerian

Oso arraroa da partida batean Bera Berak hainbeste eraso alferrik galtzea. Eraginkortasuna askoz handiagoa izaten da, askotan berak nahi duen moduan jokatzea lortzen duelako. Atzokoan ez zuen lortu eta estatistikek agerian uzten dute Imanol Alvarezen taldearen deserosotasuna partida osoan zehar. Hogeita bi eraso saiakera ezerezean geratu ziren –edo baloia galdu, jaurtiketa kanpora joan, erasoan falta egin, zutoinarekin topatu...– eta beste hamahiru, atezainek gelditu zituzten; hamaika, Miriam Semperek eta bi, Marisol Carratuk.

Atletico Guardesek apenas utzi zion azkar jokatzea, kontraerasoak eraikitzea, eta lortu zuen apurretan, Sempere agertu zen, aukera oro ezerezean uzteko. Horrek partidatik atera zuen etxeko taldea eta baloia erraz galdu zuen; Bera Bera izanda, errazegi. Atzo ez zuen aurkitu bere bidea eta Kopari agur esan behar izan zion. A.U.A.