03 MAY. 2022 KLIMA ALDAKETA Ekonomia justuagoa lortzeko, basoak zabaltzeko eskatu du FAOk Oihanak osatu, hedatu eta zaintzea, mundu mailan hazten ari den eskaerari erantzuteko basogintza sustatzea, isuriak gutxitzea, eta tokiko ekonomia sendoak lortzea. Gomendio horiek eman ditu Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) Hego Koreako hiriburuan, Seulen, egiten ari diren basoei buruzko kongresuan. GARA seul Seulen abiatu zuten atzo Basoei buruzko 15. Munduko Kongresua. Bertan, Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak (FAO) txosten bat aurkeztu zuen, honako aholkuekin: oihanak sendatu, hedatu eta zaintzea, munduan hazten ari den eskaerari erantzuteko basogintzaren sektorea sustatzea, isuriak gutxitzea, eta tokiko ekonomia sendoak lortzea. “Munduko basoen egoera 2022an” izeneko azterlanean nabarmentzen denez, «ezin da ekonomia osasuntsurik egon planeta eri batean». “Berreskuratze berderako eta ekonomia inklusibo, erresiliente eta jasangarriak eraikitzeko basoko bideak” azpitituluaren baitan hiru ekintza-bide handi biltzen ditu, mende amaierarako planeta osasungarriago bat eta tokiko ekonomia sendoagoak izateko, bereziki klima aldaketaren eraginen aitzinean. Lehendabiziko ekintza ildoa deforestazioa geldiaraztea eta oihanak hobeki mantentzea da. Horrekin, datozen hiru hamarkadetan 3,6 eta 2 gigatona karbono dioxido isurtzea ekidingo litzateke, txostenaren arabera. Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak inauguratu zuen ostiral honetara arte iraungo duen kongresua. Ohartarazi zuenez, planetak 4,7 milioi hektarea oihan galtzen ditu urtero. Nazio «aurreratuen» eta «garatze bidean» direnen arteko elkarlana oso garrantzitsua dela azpimarratu zuen Moonek. Iragarri zuenez, Hego Koreak %100 baino gehiago handitu nahi du 2030erako «garapenerako laguntza ofiziala». Hala, oihanberritzeko dirulaguntza eman nahi die herrialdeei. FAOk planteatzen duen basoberritzeko eta oihanak zaintzeko helburua beteko balitz, 2030erako planetaren berotzea 1,5 gradutik jaisteko zientzialariek beharrezko ikusten duten isuri-murrizketaren %14 lortuko litzateke. Horrekin batera, lurreko bioaniztasunaren erdia baino gehiago babestuko luke. Lurrak berreskuratzea FAOk ezartzen duen bigarren bidea hondatutako lurrak berreskuratu eta basogintzaren sektorea zabaltzea da. Horrek planeta osoko 1.500 milioi hektareari ekarriko lieke onura, beste 1.000 milioi hektarearen ekoizpena hobetuko luke, eta, berriz ere, berotegi efektuko gasak murriztuko lituzke; 0,9 eta 1,5 gigatona karbono dioxido bitartean hemendik 2050era. Mundu mailan basogintza hedatzeak balio erantsia duten biomaterialak modu eraginkor eta zirkularrago batean erabiltzea ekarri beharko luke, Erromako erakundearen arabera. Neurri horretatik abiatuta, hirugarren ekintza-ildo bat planteatu du: basogintza sendotu horren baliabideak modu jasangarrian kudeatzea eta «balio kate berdeak» eraikitzea. Hornidura kateek munduan handitzen ari den materialen eskaera betetzen lagunduko lukete. 2017ko 92.000 milioi tonatik 2060an 190.000 milioi tonara pasatzea aurreikusten da. Jakina, sektoreko ekoizleek pizgarri handiagoak beharko dituzte balio kate berde horiek sortu eta indartzeko. Horretarako, ikerketak dioenez, aldaketa politikoak behar dira nekazaritzaren eta basogintzaren sinergiak handitzeko, baita aipatutako hiru ekintza-bide horiek sustatzeko ere, nekazaritzako elikagaien sistemetan eragiteko eta sektore pribatua inbertitzera bultzatzeko. Kapitalaren fluxu horiek birbideratu eta basoetan inbertitzera animatzeko; gaur egun hiru ekintza-ildoetako bakoitzera bideratzen den dirua halako hiru beharko litzateke gutxienez 2030erako. Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak uste du proposatu dituen hiru bideek elkar elikatzen dutela eta sinergiak topera iristen direnean sistema onurak sortzeko gai izanen dela ekonomian, ingurugiroan zein kliman. Era berean, tokiko ekonomien erresistentzia, jasangarritasuna eta egokitzeko gaitasuna handituko dituela defendatu du. «Nekazari txiki, tokiko komunitate eta herri indigenek munduko baso eta nekazaritza paisaien kasik erdiak kudeatzen dituzte (4.350 milioi hektarea) eta erabakigarriak izanen dira ekintza-bide horiek martxan jartzeko», eransten du FAOko txostenak. Horregatik, funtsezkotzat jotzen du tokiko aktoreei boterea ematea eta laguntzea, bereziki emakume, gazte eta herri indigenei, baso bide hauetan lidergoa har dezaten». SUELOS DETERIORADOS Si se recuperaran las tierras deterioradas a nivel mundial, beneficiaría a 1.50o millones de hectáreas y mejoraría la producción en otros 1.000 millones de hectáreas, según datos de la FAO.