GARA Euskal Herriko egunkaria

Sekretua


Gizakiok badugu gauzak distantzia bitxi batekin ikusteko modu berezia. «Niri ez zait gertatuko» pentsatzen dugu, irratian istripu baten berri entzuten dugunean, norbait lurrera erortzen ikusten dugunean edo beste edozein albiste entzuten dugunean; ukatu egiten dugu, eta sarri egiten dugu gainera. Pentsa, historiako pertsonaia handiek heriotza bera ere ekidin zezaketela uste zuten! Norberaren adinari iskin egiten saiatzea, ordea, ohiko bilakatu da.

Kelly Slaterrek 50 urterekin lehiatzen jarraitzen du eta orain mundu guztiak uste du surfa 50 urterekin lasai asko egin daitekeela. Mundu ikuskera horrek osteopata eta kiropraktikoen poltsikoak beteko ditu, eta, egia esan, pozgarria da sandios direla uste duten horiek bat-batean gerria mugitu ezinik ikustea, baina gehien harritzen nauena zera da: lesioengatik surf egin ezinik daudenen ahotan oraindik diskurtso aldaketarik ez nabarmentzea. «Nahi izanez gero ahal da», «sekretua gehiago entrenatzea da» eta antzeko esaldi inozoekin parekoa engainatuko dugula uste izatea aztertzekoa da.

1999. urtean Mark Occhilupok 33 urterekin munduko txapela irabazi zuenean paradigma aldaketa bat eman zen, sasoi hartan oso gutxi baitziren 30 urtetik gora oraindik lehiatzen jarraitzen zutenak. Geroago 35 eta 45 urte arteko senior kategoria desagertu zen eta master kategoria 50 urtera igo zuten. Alegia, pixkanaka lehiaketa adinak gora egin du. Punta-puntan lehiatzen jarraitzeko gaitasuna erakutsi dute batzuek, baina horrek ez du esan nahi sasoi hoberenean direnik, egokitzeko gai izan direla baizik. Hori baita sekretua, egiaz egiteko gai garena eta ez garena onartu eta horren arabera aritzea. Gaztetan egiteko gai ez ginena ez dugu 50 urterekin egingo.