GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Bildarratz jauna, Ordiziako hezkuntza desoreka konpontzeko neurririk?


Azken urtean lau aldiz bildu gara Hezkuntza Saileko goi arduradunekin. Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburuarekin; Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuordearekin; Eugenio Jimenez, Ikastetxeetako eta Planifikazioko zuzendariarekin eta Amaia Urzelai Gipuzkoako Hezkuntzako lurralde ordezkariarekin. Azkena, pasa den otsailaren 15ean. Bilerotan, Ordiziako herrian, eskolen artean, ikasle familien jatorriaren eta egoera sozioekonomikoaren arabera dagoen desoreka larriaren inguruko datu zehatzak eman dizkiogu Sailari. Egoera hori elkarbizitzan, aniztasunaren trataeran, inklusioan eta euskalduntzean sortzen ari den arazo larrien jakinaren gainean jarri ditugu. Egoerari irtenbidea emateko beraiek dutela giltza nagusia, planifikazioan eraginez, esan diegu. Eta onartu duten arren, erantzun zehatzik jaso ez dugun heinean, desoreka bideratzeko neurri zehatzak ere proposatu dizkiegu.

Lau urte baina gehiago dira, jada, Eusko Jaurlaritzak aurrez larria zen desoreka nabarmen areagotu zuten matrikulazio irregulartasunak onartu zituela Jakintza Ikastolan. Ez soilik irregulartasunak onartu, planifikatu gabeko gela esleitu ere bai.

Arartekoak 2019ko azaroaren 6an Ordiziako desorekari buruz ebazpena argitaratu zuen eta Hezkuntza Sailari Ordizian onartutako plangintza neurrien inpaktua ebaluatzea eta ikasleen banaketa orekatuagoa lortzen lagun zezaketen neurri zuzentzaileak hartzea eskatu zion. Hiru urte pasa diren arren, joan den 2022ko martxoaren 29an Arartekoak argitaratutako urteko txostenean, hirugarren urtez jarraian, Ordizia eta eskola-segregazioa azaltzen dira bereziki kezkatzen dituen gaien artean. Herritarron defendatzailearen esanetan, Jaurlaritzak ez du plangintza erabakien ebaluaziorik egin eta ez du hartu ikasleen banaketa orekatuagoa lortzen lagundu dezakeen neurri zuzentzailerik. Hori dela eta, Arartekoak Hezkuntza Sailarekiko bere desadostasuna azaldu du. Izan ere, bere ustez, gaur egungo araudiaren barruan bestelako neurriak hartuz posible izango litzateke behin eta berriro azalduriko egoera gainditzea. Baina, aldiz, administrazioaren jarduera eta esku-hartze ezak egoera larriagotu besterik ez du egin.

Ordiziak %19ko migrazio tasa du, Euskal Herriko altuenetarikoa. Haur Hezkuntzako ikasleen eta derrigorrezko eskolatze adinean dauden ikasleen herenek atzerrian dute jatorria. Ikasle horien hamarretik ia bederatzi eskola publikoan daude matrikulatuta. Ordizian bertan edo Euskal Herrian jatorria dutenetatik, aldiz, erdiek baina gutxiagok ikasten dute eskola publikoan. Desoreka are nabarmenagoa da Haur Hezkuntzan. Eta, azken urteetan, Hezkuntza Sailak hartu dituen hainbat erabakirengatik eta hartu ez dituen beste hainbaten ondorioz, desoreka areagotu besterik ez da egin.

Datuen eta berdintasun irizpideen aurka, Hezkuntza Sailak, behin eta berriz, Ordiziako eskolen artean ematen den desorekaren arrazoi nagusia eta, ondorioz, irtenbidea, jatorria atzerrian duten familietako ikasleen bestelako banaketa batean jarri izan du. Modu berezian, behin ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen diren ikasleak Jakintza Ikastolara bideratzean, orain baina proportzio handiagoan, behintzat.

Lehenik eta behin, esan beharrean gaude gure ustez desorekaren arrazoia ezin daitekeela jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan edota egoera sozioekonomiko zaila pairatzen dutenengan jarri. Are gehiago, proportzioan gehiago diren heinean, Ordizian edo Euskal Herrian jatorria dutenen edo egoera sozioekonomiko hobea dutenen banaketak eragin handiago du desorekan eta, ondorioz, orekan. Beraz orekatze neurriak hori guztia kontuan izan beharko luke.

Bestalde, irtenbidea jatorria atzerrian duten familietako ikasleengan zentratzeko proposamen horrek eskola publikoak berezkoenetarikoa duen funtzioa mugatzen du. Hau da, herritar orori hezkuntza publiko eta unibertsala jasotzeko duen eskubidea eskaintzekoa eta edozein herritarrek hezkuntza publikoa aukeratzeko duen eskubidea, edozein izanda ere bere jatorria, pentsaera, sinesmena, generoa, sexu orientazioa, gaitasun fisiko-psikikoa edo egoera sozioekonomikoa. Gainera, neurria, diskriminatzailea dela deritzogu, banaketa jatorria atzerrian duten, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten edo zailtasunen bat duten familietako ikasleei ezartzen zaielako eta ez gainerakoei. Hori gutxi balitz, aukera horrek, matrikulazioa eta ondorioz ikasgelak eta ikaslerroak, eskola publikotik itunduriko eskola pribatura bideratuko lituzke.

Eta azkenik, apenas izango luke eraginik desorekan. Izan ere, urtero, ikasle guztiekiko proportzioan, oso ikasle gutxi dira ikasturtea hasi ondoren matrikulatzen direnak. Beraz, Eusko Jaurlaritzak eta eragile batzuek aditzera eman izan duten bezala, banaketa jatorria atzerrian duten, egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten edo zailtasunen bat duten familietako ikasleekin egingo balitz ere, aurrez adierazi moduan neurria diskriminatzailea izateaz gain, eragina oso mugatua litzake.

Aldiz, eskola publikoa ardatz hartu eta lehenetsiz planifikazioan eragingo balitz, Jakintza Ikastolako gela eta lerro kopurua mugatuko balira eta ikasle guztien banaketa orekatua egingo balitz, ez soilik jatorri atzerritarra duten edo egoera sozioekonomiko zaila pairatzen duten familietako ikasleena, desorekak modu oso nabarmenean murriztuko lirateke.

Jakinik ere, ziurrenik horrelako erabakiek egungo araudiaren moldaketa eskatuko luketela, Ordiziako egoera larria bideratzen hasteko baliagarria gerta daitekeelakoan gaude. Baliagarri gerta liteke, era berean, horrela ikusiko balute behintzat, antzeko egoera pairatzen duten beste herri eta auzoetarako ere.

Hezkuntza Saila Ordizian eta beste hainbat herri eta auzotan bizi dugun egoera larriaren jakitun da, ezagutzen ditu gure proposamenak. Eskaera argia da: har ditzala desoreka konpondu eta elkarbizitza, aniztasunaren trataera, inklusioa eta euskalduntzea modu egokian jorratu ahal izateko erabakiak.