EDITORIALA
EDITORIALA

Kataluniako eskola eredua jomugan

Kataluniako ikastetxe guztiek eskolen %25 gaztelaniaz eman behar dituztela inposatzen duen epaia irmoa zen urtarriletik. Orain, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak, ezohiko mugimendu batean, Generalitateari epaia berehala betetzeko agindu dio. Pere Aragones buru duen Gobernuak, berriz, beste behin salatu du Kataluniako hezkuntza-ereduaren aurkako erasoa, eta adierazi du helegitea aurkeztuko duela bide juridiko guztiak agortu arte. Kataluniako Gobernuko bozeramaileak ziurtatu du ahalegin guztiak egingo dituztela katalanaren erabilera areagotzeko «eskolako esparru guztietan».

Kataluniako eskolaren inguruko erabaki judizial hori, hasteko, guztiz antidemokratikoa da; izan ere, epaileek Kataluniako Parlamentuak Espainiako ordenamendu juridiko-politikoak ematen dizkion eskumen urriak erabiliz demokratikoki hartu dituen erabakiak aldatu nahi dituzte. Bigarrenik, edukiari dagokionez, pedagogikoki eraginkorra eta sozialki integratzailea dela erakutsi duen hezkuntza-eredua desmuntatu nahi du ebazpen horrek. Eta azkenik, katalana, hizkuntza minorizatua dena, kosta ahala kosta ahuldu eta gaztelania benetako hizkuntza ofizial bakar gisa ezarri nahi du. Erabaki judizial hau Estatu espainiarraren eredu homogeneizatzailea ezartzeko buelta berri bat da, Madrilgo zirkulu politikoetatik bultzatua, desberdintasuna eta aniztasuna zer diren ulertzen ez duten horietatik.

Horrelako ebazpen judizialek erakusten dute, beste behin ere, Espainiako Estatuan bulkada zentralizatzaile eta homogeneizatzaileak oso bizirik dirauela. Ez dute onartzen Madrilek dioenaz bestelakoa den ezer; uniformetasuna inposatuz, alde guztietatik porrot egiten duen Espainiaren batasuna salbatuko dutela uste dute. Kataluniako eskolen defentsak adimen politiko handia beharko du eraso horiei guztiei aurre egiteko, eta, ziur aski, gizarte-mobilizazio zabala ere beharko du, munduari erakusteko eskola-ereduak eta hizkuntza-ereduak onespen zabala dutela, eta adostasun sozial hori ez dutela indar erreakzionarioek zapuztuko.