Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

«DNA»-rekin iritsi ote da 9c mailako bigarren bidea?

Horixe uste du Seb Bouin frantziarrak, iragan apirilaren 24an Verdongo (Frantzia) bide horri puntu gorria jarri eta gero. Horilortu ahal izateko, 29 urteko frantziarrak lau urte igaro ditu proiektu horretan. Denera, 250 ekinaldi egin ditu.

Zaratarik egin gabe heldu da 9c mailako munduko bigarren proposamena. Seb Bouin izan da horren egilea. Bai, 29 urteko frantziarraren arabera, Verdonen (Frantzia) dagoen “DNA” bideak zailtasun hori du. Zalantzarik gabe, kosta egin zaio proiektu hori sinatzea. Denera, lau urtean banatuta 150 aldiz igaro da bide horretatik. Eta 250 ekinaldi egin ditu. Eta, azkenean, muturreko helburu hori lortu du.

Adam Ondraren “Silence” (Flatanger, Norvegia) eta Alex Megosen “Bibliographie” (Ceuse, Frantzia) ez bezala, azken proposamen honek ez du hainbesteko oihartzunik izan. Gogora dezagun orain arte “Silence” zela 9c mailako proposamen bakarra. Megosek “Bibliographie” 9c gisa aurkeztu zuen, baina lehen errepikatzaileak, Stefano Ghisolfi italiarrak, 9b+ zailtasunera jaitsi zuen. Azkenean, Megosek berak iritzi horrekin bat egin du.

Beraz, “Silence”-rekin batera, Bouinen “DNA” kirol eskaladak duen munduko bide gogorrenetarikoa da. Lorpen hori joan den apirilaren 24an egin zuen. Eta handik egun batzuetara proposamen horren berri eman zuen: «Marra horri puntu gorria jarri eta gero, egun batzuetan hausnartzen aritu nintzen. Ez zait batere samurra egin, baina uste dut 9c dela».

Verdongo bide horretan izan duen prozesuari buruz, frantziarrak adierazi du 2019. urtean ekipatu zuela. Antza denez, horma hori ia urte osoan baldintza egokietan egoten da, eta, gainera, ez zuen etxetik oso urruti: «Inguru magikoa da, eta horrek asko lagundu zidan urrats handi hori egin ahal izateko. Asko motibatzen zaituen marra da, eta, horregatik, behin eta berriro itzuli nintzen. Murru hori oso ondo ezagutzen dut, eta neure buruari esan nion proiektu bat behar nuela beste maila bat igotzeko. Eta, horretarako, Ramirole sektorea perfektua da oso. Murru horri azken hamar urteotan makina bat bisita egin dizkiot. Banekien erronka bat aurrera eramateko aukera desberdinak eskaintzen dituela. Muturreko marra bat ikusi nuen, eta, ondo aztertu ondoren, proiektu horri ekin nion. Arrokarekin izan nuen lehen hartu-emanean, heldulekuak handik eta hemendik azaldu ziren, baina ez nengoen oso ziur hura gainditzeko gai izango ote nintzen. Lehen ekinaldiak oso gogorrak izan ziren; ez nuen ezer ulertzen. Oso nahasia zen. Baina 2019. urte amaieran, nire metodoak aurkitu eta marra horri beste era batera begiratu nion».

“DNA”-k dituen ezaugarriei buruz, aipatu behar da lehendabiziko bost zinten sekzioak 8c maila duela. Atsedenleku baten ondoren, blokeko 8a batera eramaten duen beste tarte bat dago; mugimenduak ez dira hain gogorrak: «Blokeko pauso hori berezia da; badirudi, boulderreko lehiaketetan zaudela! Dinamiko luze bat da, eta askotan ez duzu arrakasta erdiesten. Beste era batera esanda, mugimendu aleatorioa da».

Hori gainditu ostean, “DNA”-ren benetako giltza dator. Berriro ere, blokeko beste sekzio bat. Baina hau 8a+ mailakoa. Bouinek onartu du pauso horiek askatzeko baldintzek berebiziko garrantzia dutela. Giltza horretatik irten eta atsedenleku bat dago. Indarrak pixka bat berreskuratu eta azken borroka 8c+ mailako tarte bat da.

9b+ ala 9c?

Eskalatzaileak adierazi duenez, “DNA”-ren katera erorikorik gabe iristeko, baldintzek eragin handia dute. Eta marra horren oinarrira heltzen zen bakoitzean eite hori ondo baino hobeto aztertu behar izan zuen: «Lehen ekinaldiak neguan egin nituen. Gogoan dut egun batean izan nuen esperientzia. -11 graduko tenperatura egiten zuen. Eskalatu aurretik zintzilik zeuden estalaktitak hautsi nituen. 0 eta 5 gradu artean jardutea egokia iruditu zitzaidan, baina oker nengoen. Gorputza erabat izoztuta nuen, eta ez nintzen mugimenduak era egokian egiteko gai izan. Oso mantso mugitzen nintzen. Hori aski ez, eta bigarren ekinaldia egiteko, hotz handia egiten zuenez, ezin nuen eroso atseden hartu. Horregatik, bi ekinaldien artean ez nuen atsedenik hartzen».

Horrekin batera, Bouinek beste ezusteko handi bat hartu zuen. Konturatu zen baldintzak bat-batean aldatzen zirela. Egun batean marra osoa izoztuta zegoen eta biharamunean, erabat heze. Erabat nahastuta zegoen; izan ere, ez zekien biharamunean ze baldintza izango zituen. Frantziarrak berak baieztatu du komeriak izan zituela batez ere bidearen giltzak ondo probatzeko: «Batzuetan lehor zeuden eta ekinaldi on bat egiteko aukera nuen. Baina heze zeudenean etxera itzultzen nintzen borrokarik egin gabe. Laburbilduta, nire motibazioan eragin negatiboa izan zuen».

Hala eta guztiz ere, 29 urteko eskalatzaileak ez zuen etsi. Lau urte “DNA”-n lan eskerga egin eta gero, arrakasta eguna heldu zen. 10 graduko tenperatura, haizea, arroka lehorra... Baldintza perfektuak. Hori guztia alde zuen; ez, ordea, beste eite bat. Gau osoan ez zuen lorik egin: oso estresatua eta nekatua zegoen. Baina beste ekinaldi bat egitea erabaki zuen. Batez ere, bazekielako oso baldintza onak zituela.

Marraren aurrean zegoela, bat-batean, gogo-aldartea aldatu zitzaion. Bouinek dio beroketa lanetan ari zela oso ondo sentitu zela: «Oso arin eskalatzen ari nintzen. Ezusteko ederra izan zen niretzat! Bidearen giltza horietako batean den-dena ondo irten zen. Berriro diot: baldintzak perfektuak ziren. Eskalatzen ari nintzen bitartean, ez nintzen nekatuta sentitu. Robot bat nintzen, eta hori esatea ez da gauza berezia: mugimendu horiek ehunka aldiz egin nituen. Marraren azkenengo giltzara iritsi eta arazo handirik gabe gainditu nuen. Orduan, neure buruari esan nion katera iritsi aurretik dagoen 8c+ mailako sekzio horretan ezin nintzela erori. Baina beldurra nuen, eta zalantzak handik eta hemendik azaldu ziren. Azken mugimenduak egiten denbora asko igaro nuen. Eta, azkenean, behin betiko ekinaldian, erorikorik gabe, soka katetik pasa nuen».

“DNA” proiektua itxita zegoen, baina bazuen argitu beharreko beste gai bat. Hots, bidearen zailtasuna. 9b+ ala 9c? Horren inguruan hausnartu behar zuen. Eta frantziarrak honakoa aurreratu digu hedabideoi: «Egin ditudan 9b/+ eta 9b+ baino gogorragoa da. ‘DNA’-k askoz ere denbora gehiago eskatu dit; horretan ez dut zalantzarik. 9b+ mailako proposamen batek segurtasuna ematen dizu. Horrekin esan nahi dut proposamen hori hurrengo errepikatzaileek ez dutela jaitsiko. Erabat ziur nago. Gogoratu behar dut egin ditudan muturreko bide zailenen proposamenak ez dizkidatela aldatu. Baina 9c aukeratzen baldin badut, arriskuan sartzen naiz. Ez dut maila hori inoiz egin, eta, proposamen bat denez, 9c jarri diot. Hemendik aurrera, beste eskalatzaile batzuei ematen diet lekukoa. Animatu nahi ditut ‘DNA’ probatzera eta egiten dutenean iritzia ematera. Den-denok dakigu balorazio bat besterik ez dela. Geure kirola ederra da oso, eta zintzoak izan behar dugu iritzia ematean. Nik nire lana ebaluatu dut. Hori ederra da, baina era berean zaila ere bai».