GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDIA

Lhakpa Xerpak, hamargarrenez, Everesteko gailurra zapaldu du


Lhakpa Xerpa 48 urteko mendi gidari nepaldarrak errekor berria ezarri du. Izan ere, Everest gehien igo duen emakumezko bihurtu da. Bere azken tontorra maiatzaren 12an lortu zuen, mendiaren hegoaldeko isurian dagoen ohiko bidetik.

Lhakpa Xerpa, alpinista izateaz gain, mendi gidaria ere bada. Bata zein bestea, emakumea izanik, ez da batere ohikoa Nepalen. Arlo horietan gizonek beti lehentasuna izan dute. Alabaina, Lhakpa Xerpa oso txikitatik mendiarekin harrapatuta geratu zen, eta lan eskerga egin eta gero (sufritu ere bai), profesionalen munduan sartzea lortu zuen. Eta nola lortu, gainera.

Duela aste pare bat Kami Rita gizon nepaldarrak Everesten errekor bat sinatu zuen. Soka gailurreraino finkatu ondoren, tontorra egin zuen: 26.a, hain zuzen ere. Joan den ostegunean, Lhakpa Xerpak Sagarmathako (Everest, nepaleraz) puntu gorena zapaltzen hamargarren aldia izan zuen. Hegoaldeko isuritik dagoen ohiko bidetik hainbat bezerorekin igo zen.

Everest igotzen eta jaisten lehen emakumezko nepaldarra izan zen. Duela 22 urte egin zuen. Aitzitik, bere aurretik Pasang Lama Xerpak zuen ohore hori. 1993. urtean izan zen, baina tontorretik jaisten ari zela zendu zen. Horregatik guztiagatik, Lhakpa Xerpa «Everesteko erregina» deitzen dute.

Alpinista nepaldarra Makaluko eskualdean jaio zen, eta ez zuen aukera izan eskolara joateko. Etxeko lanetan jardun zuen. Hori gutxi ez, eta nerabezaroan sartu aurretik ezkontzera behartu zuten eta bere senarrarengandik tratu txarrak jaso zituen. Hamabost urterekin, zama eramaile bihurtu zen Lhakpa Xerpa eta, azkenean, profesional: hots, mendi gidari.

Banandu ondoren, AEBetara bizitzera joan zen. Connecticut hirian agentzia txiki bat sortu zuen. Bezeroak mendira eramateaz gain, alpinismoaren teknikak irakasten ditu. Udaberri guztietan, berriz, agentzia «itxi» eta Nepalera bidaiatzen du. Eskuarki, bezeroak Everestera eramaten ditu, eta mendi gidari bezala saiatzen da den-denak gailurrera eramaten. Bestalde, azpimarra berezia beste bati jartzen dio: «Emakumeak mendian ahalduntzen jo eta su jarduten dut. Horrez gain, nire beste erronka bat da gazteak inspiratzea. Horrekin guztiarekin erakutsi nahi dut emakume nepaldarrak oso langileak eta ausartak garela. Edozer gauza egiteko eta lortzeko gai gara».