Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA

Bera Berarekin hiru Liga errenkadan irabazita, bide berri bat hasiko dute

Ainhoa Etxeberriak, Mirene Morenok eta Maria Prieto O’Mullonyk ez dute Bera Beran jarraituko. 2019ko udaran iritsi ziren eta bide berri bat abiatuko dute datorren ikasturtean, bakoitzak ezberdina. Eskubaloian ziur jarraituko duen bakarra zamorarra da: zenbait hedabidek argitaratu dute “etxera” itzuliko dela –Aula Valladolidera, alegia–, baina erabakia aste honen bukaeran hartuko duela aipatu zuen.

Mirene Morenok ez dauka ziur eskubaloian jarraituko duen edo ez, eta Etxeberriak, bestalde, bere eskubaloi ibilbidea bukaerara iritsi dela dio, bai behintzat behin-behinean. Medikuntza ikasketetan murgilduta, «Imanol [Alvarez] aspaldi abisatu nuen ondorengo urtean ez nuela jarraituko, barneko mediku egoiliarrerako (BAME) ikasketak egitera joango naizelako Oviedora». Oiartzuarrak argi dauka bere etorkizuna medikuntzarekin lotuta egongo dela eta beraz, etapa baten bukaeratzat jo du Bera Berako agurra.

Ermuarrak ere «harrotasunez» agurtu du Donostiako taldea, sekula imajinatu ez zuelako Bera Beran hiru denboraldi pasatuko zituenik. «Zortekoa izan naiz». Berdin pentsatzen du Etxeberriak ere: «Zoragarriak zarete». Europan jokatzea, Kopan partida esanguratsuak jokatzea, ligak irabaztea esperientzia handitzat jo dituzte. «Guztiagatik borrokatzera etorri nintzen eta guztiagatik borrokatu dugu», aitortu du Zamorakoak. Tati Garmendiari begietara begiratuz eskertu nahi izan dio guztia Mirene Morenok eta ezin izan diote negarrari eutsi. Ez dira izan urte errazak hiruentzat, minutu gutxi jokatu dituzte arrazoi ezberdinengatik, baina uste dute gauza positiboak gailendu direla. «Inoiz amore ez ematen» ikasi du Etxeberriak; elitean jokatzeak suposatzen duen guztiarekin geratzen da Moreno, eta «laguntza eskatzen ikasi» duela nabarmendu du O’Mullonyk.

Zuazoren berdinketa Malagan

Bien bitartean, Zuazok Malagaren etxean jokatu zuen atzo. Lehen zatian egindako lan bikaina (10-15 atsedenaldian) bigarrenean bueltan etorri zitzaion eta berdinketa eskuratu zuen bigarren sailkatuaren aurka (29-29).