Arnaitz GORRITI
ACB LIGA

Aulkietako «mugimendu sismikoek» astindu dituzte Baskonia eta Valentzia

Valentziaren entrenatzaile Joan Peñarroya datorren denboraldian Gasteiza joanlitekeela ez da zurrumurru hutsa. Final-laurdenak gaur hasiko dira 21.00etan.

Valentzia Basket eta Saski Baskoniaren arteko kanporaketak beti dira lehia estukoak, eta irabazleak inoiz sari potolo askoak ere bereganatu ditu. Adibidez, 2006ko Kopako finala hauek biek jokatu zuten eta Baskonia izan zen nagusi; 2009ko Kopako final-laurdenetan Baskoniak berriz ere talde taronjarekikoak egin zituen; 2017ko play-offetan, aldiz, Valentziak gasteiztarren kantxa faktorea hautsi zuen finalerdietan eta, 1-3 nagusi, finalerako sailkatu zen; 2020an ACB Ligan antolatu zuen «burbuilan», berriz, partida bakarrera jokatu zen Valentzian arabarren eta taronjen arteko finalerdia, eta orduan Baskonia izan zen nagusi.

Gaur gauean 21.00etan ekingo diete talde biek ACBko play-offetako final-laurdenei, Valentzian. Alabaina, kanporaketari begira baino Valentzia Basketeko entrenatzaile Joan Peñarroya bete-betean jo duen «mugimendu sismikoak» izan dira bezperako hizketagai.

Donatas Urbonas saskibaloi arloko kazetariak Twitterren «hainbat iturriren arabera, Joan Peñarroya Saski Baskoniako hurrengo entrenatzailea» izango dela idatzi eta gero.

Jakina da Joan Peñarroyak Valentziarekin, Burgosen lan bikaina egin ostean, urtebeterako kontratua sinatu zuela, eta denboraldia amaitu arte zain omen daude entrenatzailea eta kluba berau luzatu ala ez erabakitzeko.

«Pantoja dirudit, nonahi agertzen naiz aspaldion», esan du partida bezperako prentsaurrekoan Joan Peñarroyak. «Azken hilabeteotan ez da ezer aldatu. Denboraldia amaitu zain nago klubarekin hitz egiteko», esan zuen atzo teknikari katalanak, lasai itxura egin nahian baina nahikoa urduri.

Neven Spahija ere ukitzen du, ondorioz, balizko entrenatzaile aldaketa horrek. Kroaziarrak gaia saihestu zuen partida bezperako prentsaurrekoan.

«Denboraldia amaitu arte kontratua daukat eta gehiago ezin dut esan, nire buruan hurrengo partida baino ez dagoelako. Nik adinako eskarmentua duen entrenatzaile bat ez da kontu hauetaz berriketan hasiko», bota zuen Sibenikekoak.

Kanporaketari begira, «oreka» bilatu beharko dutela azpimarratu zuen. «Kopatik at geratu ginenetik, taldeak hobera egin duela bistakoa da. Azken asteetako batez bestekoei begira, Ligako laugarren defentsarik onena gara eta txapel gehien jartzen duen bigarrena; ez dut Valentzia gu baino hobeto inon ere ikusten; hala ere, oldarkorrago jokatu behar dugu», gaineratu zuen Spahijak.