Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Literatura Unibertsala bildumak aurpegia berritu du bi titulu berri gehituz

Lakuako Gobernuak eta EIZIEk sustatzen duten Literatura Unibertsala bildumaren ardura da mundu mailako literaturako maisulanak euskaratzea, euskal irakurleek ere eskura izan ditzaten. Ereinek argitaratzen duen sail honetan aldaketak egin dituzte, gaur egungo publikoarentzat egokitzeko. Alde batetik, azalak Alain Urrutia ilustratzaileak egingo ditu aurrerantzean. Bestetik, argitalpenen zerrenda berritu dute eta askotarikoagoa izateko ahalegina egingo dute. Azkenik, saiakera bat egingo dute bilduma publiko gehiagora irits dadin, aurkezpen eta mahai-inguruak eginez.

Lortu nahi duten aniztasun horren adibide dira aurkeztu berri dituzten bi tituluak: Marina Tsvetaievaren “Ene anaia femeninoa”, Joxe Mari Berasategik itzulia, eta Leonardo Sciasciaren “Todo modo”, Gaizka Ugaldek euskaratua.

Tsvetaieva literatura errusiarreko egilerik esanguratsuenetako bat izan zen, Berasategiren hitzetan, eta hizkuntza modu ausartan erabiltzen zuen. Aurkeztutako lana prosan idatzitako gutun laburra da, Natalie Clifford Barneyren “Pensées d’une Amazone” testuari erantzunez. Bi emakume lesbianen arteko maitasun gutuna da; batek ama izateko desira du eta horrek sortzen duen gatazkaren inguruan aritzen da testuan. «Duela 100 urte idatzi zuen arren, gaur egun puri-purian dauden gaiak lantzen ditu. Aipatzen du ia posible izango den ugalketa lagundua lesbianentzat», kontatu zuen Berasategik. Tsvetaievak planteatzen du lesbiana izatea eta ama izatea ez direla bateragarriak; hau da, ama izateko modu bakarra «nork bere buruari uko egitea» eta gizon batekin harremana izatea litzatekeela.

“Todo modo” Sciasciaren eleberri ezagunena da. Ugaldek testuan hiru erregistro identifikatu ditu: «Narrazioan gizon bat aurkezten zaigu, askatasunaren bila autoarekin noraezean dabilena. Horrek leku berezi batean gauza bitxiak egiten dituen jende talde batekin egiten du topo, eta orduan komedia erabiltzen du. Hirugarren erregistroa norgehiagoka filosofikoa da, talde horren guruaren eta narratzailearen artekoa». Hirurek bat egiten dutenean irakurlearen partaidetza beharrezkoa dela esan zuen itzultzaileak. «Buruari eragiteko liburua da, baita oso dibertigarria ere», adierazi zuen.