GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

Bozkatzea pribilegio


Samirren urteak dira. Luzatu nahi izan badu ere, eguna iritsi da. 18 urte bete ditu. Orinek artean, adin txikiko beste migratuekin batera egon den zentroa utzi beharko du urtebetetze egunean. Estatuaren ustezko babesik gabe, etorkizunari so egitea ezinezkoa egiten zaio eta beldurrak jota, negar egiteko gogoa besterik ez du.

Egoera honi aurre egiteko legea nolabait aldatu badute ere, adin txikiko horientzako zentroetan adin-nagusitasunera iristea infernutzat jotzen dute askok. Eta infernutik ateratzeko, segurtasun juridikorik ezak ez du laguntzen. Bizirauteko beharraren kariaz sor daitezkeen egoeraz baliatzen da ultraeskuina gorroto diskurtso arrazista zabaltzeko.

Andaluzian izanen diren hauteskundeak direla eta, Safia El Aaddam aktibista eta idazleari entzun diot 600.000 lagun direla lur horretan bozkatzeko eskubiderik ez dutenak. Migranteak eta bertan jaioak ere bai. Bozkatzea, eskubide izatetik urrun, pribilegio bihurtu da. Akaso, haien bozkatzeko eskubidea bermatuz gero, inkestak bestelakoak lirateke eta emaitzek errealitatearen antz handiagoa izango lukete. Neurri politikoak aldatu beharrean, jendartearen zati bat isilarazi behar denean, ezin da demokrazia osoaz hitz egin. Horri klasismo eta arrazakeria instituzionala deitzen zaio.