GARA
LA PAZ

Hamar urteko kartzela zigorra ezarri diote Jeanine Añez presidente boliviar kolpistari

Poliziak auzitegira eraman zuen Jeanine Añez.
Poliziak auzitegira eraman zuen Jeanine Añez. (AIZAR RALDES | AFP)

Bere burua Boliviako presidente izendatu zuen Jeanine Añez kolpistari hamar urteko kartzela zigorra ezarri zioten atzo Andeetako herrialdeko Konstituzioaren aurka egiteagatik. La Paz hiriburuko Ustelkeriaren Aurkako Lehen Epaitegiak aho batez zigortu zuen politikari eskuindarra “Estatu- kolpea II” prozeduran.

«Egin behar nuena egin nuen. Konpromisoagatik eta Konstituzioak agintzen duen moduan, presidente kargua hartu nuen, legeak ezartzen dituen pausu eta arau guztiak betez. Oso harro nago eta, aukera izango banu, berriro ere egingo nuke», egin zuen Añezek desafio “La Razón” egunkari boliviarrak jaso duenez.

Bide batez, auzi berean Armadako eta Poliziako sei agintari ere zigortu zituzten. Yuri Calderon poliziaren komandante nagusi ohiak eta Williams Kaliman Armadako komandanteak hamar urte eman beharko dituzte kartzelan, presidente ohiak bezalaxe. Gainerakoek, Armadako Estatu Gorenaren buru izan zen Flavio Gustavo Arcek tartean, zigor txikiagoak jaso dituzte; bi eta lau urte arteko kartzela zigorrak, zehazki.

Añez 2021eko martxotik da kartzelan, 2019ko azaroan oposizioko senataria zenean, Evo Morales presidenteak presiopean kargua uztean berak hartu zuelako presidentetza.

Erreakzioak.

Espero zen moduan, ebazpenak eragindako erreakzioek herrialdeak bizi duen haustura politikoa agerian utzi dute. Hitz egiten lehena Eduardo del Castillo Barne ministroa izan zen eta zigorra txalotu zuen. «Gaur historia egin da», aldarrikatu zuen, 2019ko estatu kolpean parte hartu zutenak zigortu dituztelako pozik. Ivan Lima Justizia ministroak, bere aldetik, «demokraziaren berreskurapenean pausu erabakigarria» eman dela aldarrikatu zuen. Prozeduraren eta epaileen independentzia azpimarratu zituen Limak.

Aitzitik, Batasun Nazionala eskuineko oposizioko alderdiak epaileen «manipulazioa» salatu zuen. «Demokraziarentzat egunik txarrena da», salatu zuen alderdiak. Jatorriz estatubatuarra den Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak ere zalantzan jarri zuen erabakia eta bai Moralesen garaiko gobernuari bai Añezenari «justizia politizatzea» egotzi die. Hasiera batean Añezi «terrorismoa» egotzi izana manipulazio horren froga dela uste du.