GARA Euskal Herriko egunkaria
ALASKA

Kichatna Spire-k big wall alpino gogorra jaso berri du

David Allfrey, With Magro eta Grahama Zimmerman estatubatuarrek bost eguneko lan eskerga behar izan dute orratzaren ipar-mendebaldeko aurpegian «The pace of comfort» bidea zabaldu ahal izateko.


David Allfrey, Whit Magro eta Graham Zimmerman estatubatuarrak gai izan dira Kichatna Spire-ri hortzak erakusteko. Orratz horren ipar-mendebaldeko isurian “The pace of comfort” bidea zabaldu dute. Luzea (950 m) eta teknikoki zaila (5.10, A3+, M6, 70º). Lan bikain hori biribiltzeko, bost egun behar izan dituzte: maiatzaren 23tik 27ra. Jarduera honen garrantzia ulertu ahal izateko zera esan, Kichatna Spireko horma horrek 43 urte itxaron behar izan dituela bigarren marra jasotzeko. Atzera egin behar dugula argi dago; izan ere, 1979. urtean Andrew Embick eta Jim Bridwellek lehen zirrikitua, “The Ship´s Prow”, sortu zuten.

Kichatna Spire ez da batere garaia: 2.738 m. Baina Alaskako eskaladetan adituak diren guztiek onartzen dute Kichatna Spires multzoak ingurumari hartako marra teknikoenak zein bertikalenak jasotzen dituela. Hots, Alaskako mendilerrokoak. Horregatik guztiagatik, ipar-mendebaldeko murrua betidanik izan da erakargarria. Talde ugari saiatu dira arrakasta izaten, baina soilik bi sokadak lortu izan dute. Zimmermanek baieztatu du erronka hori beti izan duela buruan. 2008. urtean lehen ekinaldia egin eta huts egin zuen. Alaskara lehen bidaia zuenez, ez zuen batere eskarmenturik. Mundu zabaleko hainbat mendilerrotan espedizioak egin eta gero, Zimmerman berriro itzuli da Kichatna Spirera. Hamalau urte beranduago.

Aipatu dugun bezala, 43 urte igaro behar izan dira orratz horretako ipar-mendebaldeko horman bigarren bidea sortzeko. Hori ez da batere ohikoa, baina badirudi gutxi direla Alaskako hormatzarretan big wall estiloa indarrean jartzen dutenak. Zimmermanek gai horri garrantzia handia eman dio: «Horma alpino luze batek lana eta pazientzia eskatzen ditu. Denbora eta zama handia garraiatzea ere bai. Eta, jakina, askorentzat hori ez da batere dibertigarria. Horri guztiari hango muturreko klima gehitu behar zaio. Mantso eskalatzera behartzen zaitu. Gure kasuan beste era batera begiratzen dugu. Whitek eta biok asko eskalatu dugu artifizialean. Eta eskarmentu horrek lagundu digu lehen igoerak egiteko. Berdin zaigu artifiziala, librea, mistoa eta izotza izan; gure lehentasuna da mendi eder batean marra bikain bat zabaltzea. Eta beti kide ikaragarriekin elkarlanean».

Eguraldiak lagun, Cul-de-Sac glaziarrera hegazkinez heltzeko ez zuten arazorik izan. Denbora galdu gabe, kanpalekua altxatu eta biharamunean aztertuta zuten bidean sartu ziren. Magrok lehen bi luzeak (5.10) igo, soka finkoa jarri eta kanpalekura itzuli ziren. Hurrengo egunean, Allfreyri beste bat (A3+) egokitu zitzaion, eta, lan hori bukatu bezain laster, Zimmerman M6 mailako beste luze batean sokaburu joan zen. Alpinistok elurrezko erlaitz batera heldu, soka finkatu eta jaitsi egin ziren.

Hormara eginiko lehen bi bisita hauek arratsaldez egin zituzten. Garai honetan Artikoan eguzkiak duen kokapena ondo aprobetxatu nahi zuten. Eguzkiaren epeltasuna jasotzeko, kanpalekutik eguerdi aldean ateratzen ziren, eta arratsaldeko hiruretatik gauerdira arte izpi horien “laguntzarekin” jardun zuten.

ZAILA ETA IRAUNKORRA

. Egun bateko atsedena hartu eta gero, maiatzaren 25ean, berriro martxan ziren hiru estatubatuarrak. Aurreko egunak ez bezala, hurrengoak hormatik jaitsi gabe egin zituzten. Soka finkoetatik lortutako puntu garaienera igo ziren. Magrok 70 metroko luze bat zain zuen. Zaila, A3 zailtasunekoa. Alffreyk lekukoa hartu eta beste bi luze (100 metro, denera) ireki zituen. Sekzio horren amaieran, eskalatzaile honi arroka txarrean sartutako friend bat atera zitzaion. Baina, zorionez, erorikoan ez zuen minik hartu.

Murru luze horri metro asko kendu zizkioten, eta hirukoteak gailurreria gertu ikusten zuen. Eskalatzen ari ziren luzeei dagokienez, Zimmermanek aurreratu du, zailtasunean oso iraunkorrak izateaz gain, tarte gehienak oso bertikalak izan zirela.

Allfrey, Magro eta Zimmermanek zortzi luze patrikan zituzten: «Oso gogorrak izan ziren, baina lan guztiak bikain atera ziren. Gainera, puntu horretatik aurrera pareta pixka bat etzan egin zen, eta buruhauste handirik gabe eskalatzen jarraitu genuen. Ireki dugun bide berriak bi zati ezberdin ditu. Eskalada artifiziala nagusi izan zen lehenean; bigarrenean, berriz, mistoan estutu behar izan genuen».

Alffreyren lanak M6 mailako luze batekin amaitu ziren. Elur zelai txiki batera iritsi eta bibaka antolatzen hasi ziren. Ez zen gau erosoa izan, baina, bederen, eserita igarotzeko aukera izan zuten. Eskaladaren bosgarren eta azken egunean horma horretan zabaldu behar ziren luzeen ardura Zimmermanek hartu zuen: «Mistoko bost luze (gehienez, M5) igo nituen. Guztiak ala guztiak kalitate handikoak. Zailtasuna handia ez zenez, gozatu nuen. Murru tente horretan lan guztiak amaitu genituen. Gailurrerian ginen. Ez da toki oso atsegina; izan ere, zorrotza eta ikusgarria da. Azken sekzio horretan Whit sokaburu joan zen. Arratsaldean, 16.20an, gailurra zapaldu genuen. Hirurok ala hirurok bat gatoz: ‘The pace of comfort’-ek asko eskatu digu. Eskarmentu gogorra izan da, baina eskalatu ditugun luzeak ederrak izan dira oso. Gainera, ezusteko bakarra izan dugu; hots, Davidek izan zuen 12 metroko erorikoa. Mundu zabalean eginiko espedizioek eta haietatik lortutako eskarmentuek erabateko garrantzia izan dute Kichatna Spiren egin dugun lanean. Hiruron artean 70 urteko esperientzia biltzen dugu, eskaladaren eta alpinismoaren diziplina guztiak menderatzen ditugu… Hor kokatzen dugu jardun horren arrakasta. Mendi eta pareta garaiagoetan eskalatu dugu, baina Alaskako azken espedizio honek plus bat izan du. Arestian aipatu dugu big wall estiloak Alaskan zale gutxi dituela. Guk indarrean jarri dugu, eta emaitza ikaragarri ona erdietsi dugu. Uste dut goia jo dugula».

Jaitsierari dagokionez, alpinistok onartu dute arazorik ez zutela izan, eta igotako bide beretik egin zutela. Oso azkarra izan zen, besteak beste, igoeran jarritako tresneria rappelatzeko erabili zutelako. Gauerdirako kanpalekuan ziren.

Azkenik, bide berriari jarritako izenaren inguruan, zera adierazi dute: «Paul Roderick pilotuari hartutako hitz batzuk baino ez dira. Eskalada bukatu eta hegazkinean sartu ginenean esan zuen genuen eguraldiarekin erritmo erosoan hegal egiteko moduan ginela».