Araba Euskaraz, ahizpa arteko elkarlana
Lehen edizioan bezala, duela 41 urte bezala, Olarizuko zelaietako inguru ederrean izan zen atzo Araba Euskaraz eguna. Eta lehen edizio hartan bezala, Arabako ikastola guztiek antolatu zuten jai eta aldarrikapen ekitaldi hori. Orduan zazpi ziren, orain zortzi, eta zortzigarrenari, Argantzongo ikastolari, sostengua emateko baliatuko dute atzoko jaian lortutako dirua. Jaiak euskararekin batera Trebiñuren arabartasuna ere aldarrikatu zuen, baina aldarrikapen hutsa ez da nahikoa. Horregatik, gogoan izan beharra dago horrelako jaiek badutela beste elementu bat, ospakizunaz eta aldarrikapenaz gainera: alde ekonomikoari aurre egin beharra. Nabarmen, nabarmenago sumatzen da alde ilun hori euskararen herriko lurralde bateko bizilagunek jasaten duten eskubidearen urraketa administrazio arrotz baten menpe egotearen ondorioz, hizkuntza eskubideetatik hasita.
Atzo, halaber, kezkatuta agertu ziren ikastolak Lakuako gobernuarekin adosten ari ziren irizpideak aldatzeko zenbait proposamen jaso dituztelako, diotenez lerro bakarreko ikastola txikien iraupena arriskuan egon bailiteke. Eta pribatuaren eta publikoaren arteko eztabaidaren aipuren bat ere entzun zen. Eztabaidak, ordea, ez luke elkarren ezinikusia izan behar, denon artean egin beharreko bidean, are gutxiago helburu berbera izanda: euskal hezkuntza eredu propioa. Gutxieneko akordioak lortzea urrats bat da, baina ez helburua, eta hari begira askoz gehiago eztabaidatu beharra dago. Hezkuntzaz eta pribatutasunaz ere bai. Erredukzionismorik gabe, baina. Batzuetan herri ekimenak administrazio publikoak eskaintzen ez dituen zerbitzuak eskaintzen dituela onartuta, edo diru publikoz ordaindutako negozio pribatuak ere badaudela. Ez da Argantzongo ikastolaren kasua, atzoko jaia eraikin berria egiteko sostengu garrantzitsua izango duena, laguntzarik ñimiñoena ere emango dion administraziorik ez duena.
Eztabaidatu beharra dago, horretarako borondatea, bestea entzuteko borondatea erakutsiz, begi bistakoa onartuz eta gairik saihestu gabe. Izan ere, erredukzionismoek eztabaida eragozten dute, eskuarki argudioak norberak baino ezin izan ditzakeen ustetik abiatzen baitira.