Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Arkote eta Hondarribia, denboraldiko lehen azkarrenak

Ikuskizuna eskaini zuten KAE1 eta ETE ligetako traineruek San Pedroko uretan egindako denboraldiko lehen estropadetan. Bizkaitarrak eta gipuzkoarrak -garaipen bikoitza lortzetik gertu izan zen «Ama Guadalupekoa»- dira 2022ko lehen liderrak.

Hondarribiak, lehen txanda eta lehen ziabogatik erakutsi zuen bere nagusitasuna.
Hondarribiak, lehen txanda eta lehen ziabogatik erakutsi zuen bere nagusitasuna. (A. CANELLADA | FOKU)

San Pedroko uretan eman zioten hasiera atzo traineruen KAE1 eta ETE ligek 2022ko denboraldiari. Arkote eta Hondarribia izan ziren garaileak eta, beraz, urteko lehen liderrak dira. «Ama Guadalupekoa», gainera, dobletea egitetik gertu egon zen, KAE1-eko gizonek hirugarren amaitu baitzuten.

Estropada horrexek utzi zigun emozio gehiena amaiera arte. Hirugarren txandan erabaki zen garaipena. Arkotek eta Hondarribiak denbora gutxiren aldearekin egin zuten lehia, baina laugarren ziabogaren ostean bizkaitarrek abantaila hartu eta beste aurkari bat izan zuten buruan: bigarren txandan aritu zen eta denbora onena zuen San Pedro. Denbora hobetu, Hondarribiaren dobletea zapuztu eta etxeko traineruari garaipena kendu zioten.

«Libia»-k etxean jokatzen zuen eta hasieratik nabarmendu zen. Ander Iriarteren gidaritzapean, txandako buru ipini zen lehenengo paladetan. Behin txanda bideratuta eta ia eskuratuta zuela, aurreko txandan San Juanek lortutako denbora hobetzea zuen helburu. Bi taldeen artean dagoen lehia sanoa denek ezagutzen dute, eta biek etxean jokatuta, bata bestearen aurretik geratzea beti helburu bat izaten da.

Atzetik, azken luzean Castro eta Deusturi elkarrengandik aldentzeko esan behar izan zien epaileak, oso gertu baitzeuden. Horrek indar estra eman zion Deusturi, eta azken postutik bigarrenera pasatu zen.

Lehenengo txandan, San Juanek ere etxean lan ona eskaini nahi zien zaleei eta Oriok gauzak erraztu zizkion erronka horretan. Hirugarren ziabogan oriotarrek arazo bat izan zuten arrauna trabatuta geratu zitzaielako. Segundo batzuk galdu zituzten gipuzkoarrek, baita bigarren postua ere.

Hondarribiak sendo hasi du ETE Liga.

«Ama Guadalupekoak» ohorea du jokoan aurten -eta agian presioa ere bai-. Iaz Euskotren Ligatik jaitsitako traineruak neguan lan bikaina egin duela erakutsi zuen lehen paladetatik, lehen txandatik, eta denbora onena finkatu zuen I. Hernaniko Banderan, ondoren etorriko ziren beste bi txandetarako erreferentzia bihurtuz. Deustu izan zen gertuen egon zena, azken txandan, baina ihes egin zion garaipenak 9 segundogatik.

Miren Garmendia «Ama Guadalupekoa» ontziko patroiak «¡Modo apisonadora, equipo!» oihu egin zien arraunlariei bigarren luzean, eta bikain erantzun zuten. Aurtengo erronka «%100 ematea» izanda -txanda ondoren Garmendiak onartu zuenez-, animatzen jarraitu zuen lemazainak eta amaieran Hondarribiak 31 segundo atera zizkion Hernaniri eta 49 Castrori.

Bigarren eta hirugarren txandetan gauza bitxia gertatu zen. Haize baldintzak okerragoak izanda, Hibaikak -bigarren txandan- eta Deustuk -hirugarrenean- Hondarribiaren denbora berdintzea lortu zuten bigarren ziabogan (7:29), baina azken luzea gogorra egin, eta ezin izan zuten hobetu. Saririk gabe geratu ziren.