GARA
RABAT

Marokok eta AEBk maniobra militarrak hasi dituzte

Marokoko eta Ameriketako Estatu Batuetako armadek atzo hasi zituzten ekainaren 30era arte iraungo duten “African Lion 22” izeneko maniobra militarrak, kontinenteko handienak. Marokoko hainbat tokitan egingo diren ariketetako batzuk Rabatek okupatzen duen Mendebaldeko Saharatik hurbil izango dira, baita Tunisian, Senegalen eta Ghanan ere. Ia 7.500 soldaduk parte hartuko dute, beste herrialdeetako tropak barne, lurreko, itsasoko zein aireko maniobretan, arrisku nuklear, erradiologiko, biologiko eta kimikoak deskontaminatzeko beste ariketa batzuk egitearekin batera.

“African Lion” maniobrek AEBren eta Marokoren arteko elkarlanaren indarra erakusten dute, Rabat eta Aljeren arteko egungo krisi unean. Maroko azken urteetan bere Armadaren baliabideak eguneratzeko egitasmoa gauzatzen ari da, batez ere AEBren eta Estatu frantsesaren hornidura militarrekin.

Iazko “African Lion 21” maniobrek ikusmin handia piztu zuten, Saharako lurraldean egingo zituztelakoan. Izan ere, hilabete batzuk lehenago, Donald Trump AEBko orduko presidenteak Espainiaren kolonia ohiaren gaineko Marokoren subiranotasuna aitortu zuen.